Ahozabalen erresuma

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko abe. 7a, 09:43

Ez dakit ahobizia naizen, baina bai ahoberoa, eta, sarritan, ahozabala ere bai. Belarripresta naizela esango nuke, eta ziur belarrondoko bat baino gehiago merezi izan dudala nire bizitzan zehar. Hori hala izanda ere badago gauza bat dakidana eta da non eta noiz egon behar dudan isilik. Tamalez, ezin gauza bera esan beste askorengatik.

Ezagutzen nautenek badakite kontzertuetara joatea gustukoa dudala. Gaur egun dagoen eskaintzarekin astean behin edo joan ohi naiz Donostiara, Azpeitira edo auskalo nora. Kontzertu eskaintza handitzearekin batera badago, tamalez, areagotu den beste zerbait: emanaldi hauetara joaten den ahozabalen eta ahoberoen kopurua. Isilik egoten ez dakien jendearena, alegia.

Horren azken adibidea asteazken gauean izan genuen Andoaingo Bastero antzokian. Bai, antzokia, ez taberna edo klub bat. Serge Gainsbourg genio frantziarraren errepertorioan oinarritutako kontzertua eman zuen Mick Harvey australiarrak areto honetan. Harvey agian ez da oso ezaguna izango musika mundutik kanpo, baina 40 urteko ibilbidean Nick Cave edo PJ Harvey bezalako musikariekin kolaboratu du, besteak beste. Gauza da antzokia bete egin zela.

Mursego eibartarra zen teloneroa. Berea duen estiloan oinarritutako kontzertu laburra eskaini zuen. Batzuei ez zitzaien gustatu, edo zuzenean ez zitzaien axola izan. Eta nola demostratu zuten? Ba ozen hitz egiten, oraindik alboko tabernan egongo balira bezala. Ez hori bakarrik: baziren aretoko atea danbatekoekin ixten zutenak. Musikaria agertokian deseroso zegoela nabari zen, hitz egiten ari ziren haiei begira. Bitan ateak xuabe ixteko eskatu zuen. Erantzuna beste danbateko bat izan zen. “Ala, berriro!”. Bera haserre, entzule asko ere bai, gu barne. Kontzertuaren amaieran Mikel Laboari dei egiten zion esperimentazioa proposatu zuen. Bukaeran, txaloak hasi zirenean, tentsioak jota edo, betaurrekoak kendu eta negarrez hasi zen. Ikusita zer gertatzen ari zen txalo zaparrada areagotu egin zen. Ez dakidana da ahozabalek txalo egin zuten (zinikoa izango litzateke) edo bizkarra ematen jarraitu zuten.

Gaueko izarraren kontzertuan ez ziren gauzak asko hobetu. Horren adibide da ezkerrean eserita izan nuen ilustrea: berandu heldu zen, hirugarren kantarako edo. Eseri eta berehala hizketan hasi zen lagunarekin, ez belarrira, ez; etxeko sofan botata Real Madrilen partida bat komentatzen ariko balitz bezala, baizik. Kanta bat ezagutzen zuenean balantzaka hasten zen, eta horrek inguruko besaulkiak mugitzea ekartzen zuen. Ezagutzeaz gain kanta gustukoa bazuen, eskua airera botatzen zuen, Iron Maidenen kontzertu batean egongo balitz bezala. Noizean behin estribilloa ere ozen ‘abesten’ zuen: antzararenak ziruditen soinuak nire aldameneko ilustrearenak ziren. Hori bai, kanta geldoagoa bazen, alboko lagunarekin hizketan hasten zen berriro, ozen. Bere aurrean eserita zegoena nazkatu zen eta, belauna ukitu ondoren, isiltzeko keinuak egin zizkion. Han non haserretu zen gure ilustrea, ukitu egin zuelako. Isiltzeko balio izan zuen, behintzat.

Atzeko ilarakoak hartu zion lekukoa. Abeslariak ea dena ondo zihoan galdetu zuenean, kontzertu osoan zehar marmarka zegoenak “necesitamos cerveza para aguantar esto” erantzun zion denok entzuteko moduan. Atzera begiratu nuen eta han zegoen hankak zabal-zabal eginda barrabilak aireatzen. Eta hor gogoan izan nituen Donostiako klub batzuetara bere burua erakustera joaten direnak, inoiz ez kontzertua entzutera. Hor gogoratu nituen Zinemaldiko saioetan, aspertuta, mugikorra atera eta sare sozialetan nabigatzen hasten direnak, aparatuaren argiak atzeko ikusleari izorratzen diola inporta gabe. Eta hor galdetu nion nire buruari: “Non da errespetua? Non da edukazioa?”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide