Postureorako zaharregia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko mar. 16a, 11:53

Sare artean galduta nago, edo sareetan harrapatuta esan beharko nuke. Eta ez, ez naiz ari arrantzaleen sareez, nahiz eta, nork daki, agian hor aurki nezakeen hurrengo lanpostua. Beno, ez, ez dut uste; arraindunak bueltekin bustitako bost euroko billete bat ematen didanean muturra okertzen badut, ez nuke pentsatu ere nahiko zer izango den arrantza ontzi batean joatea arrainez inguratuta.

Beste sare mota batez ari naiz: sare sozialez. Urte askotan sare hauetatik kanpo egon naiz, pozik. Nire bizitzako kontuak nireak zirela nioen, eta kontatzeko beharra sentituko banu, norbaiti kontatuko nizkiola (hark entzun nahiko duen edo ez, hori bost axola). Horregatik antisoziala ote naiz? Auskalo, nork daki.

Ahozabala ere banaiz batzuetan, edo askotan. Lagun bat behin eta berriro aritu zitzaidan esanaz Twitterreko kontu bat ireki beharko nukeela. Ikusita denborarekin sare hori fatxen gotorleku eta bronka amaigabe baten zabortegi bihurtu dela, ez naiz damutzen ez zabaldu izanaz.

Facebooken bai, hor ireki nuen kontua... behartu nindutelako. Lan kontuengatik ireki nuen, eta ez nire gogoz. Onartu behar dut, baina, eta hau hala da, behin kontua eginda, ‘lagunak’ egiteko eskaerak bidaltzen hasi nintzela, eta baita beste eskaera batzuk jaso ere. Hasieran gogoko nituen komikilariei bidali nizkien, eta baita musikariei ere. Harrigarria bada ere, ‘lagun’ bezala onartu ninduten askok. Eta, hau ere esan behar dut, baliagarria izan zait informazioa lortzeko: komiki berriak, kontzertuak, diskoak... Diote Facebook zaharretxe bat dela. Beno, ezin esan gaztetxo bat naizenik...

Orain Instagram dugu modan. Aurretik beste sare batzuekin gertatu bezala, honi ere kasurik ez nioen egin... bulegoan aldamenean dudan neska txikiak jomuga nigan jarri zuen arte. Nire zaletasunak sare horretarako egokiak omen ziren. Ez nuela kontua egingo, nik. Baietz, berak. Ezetz, nik. Baietz, berak. Asmatu eztabaida nork irabazi zuen.  

Eta erabiltzen badut ere, ez dut sare hau ulertzen. Postureorako sare egokia da, hori bai: jende guapoa hondartza paradisiako batean oinaz bustitzen; jende are eta guapoagoa, irribarre handi batekin, janari exotikoak dastatzen... Ni, berriz, Lisabören azken diskoa erosi dudala esaten. Norbait jarraitzen hasten zaizu, eta egun bat geroago joan da. Yo la Tengok Donostian eman zuen kontzertuaren ondoren zazpi jarraitzaile berri nituen bost minutuko epean, eta bi egunetara ez zen inor geratzen. Jarraitzaile berri bat duzu, zu bera jarraitzen hasten zara, eta helburua lortu duela ikusita, alde egiten du. Zaharregia naiz honetarako...

Valladolideko hortz klinika bat hasi zait orain jarraitzen (hau egia da). Ni bera jarraitzen hasten banaiz, agian deskonturen bat lortuko ote dut? Follow back...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide