Badaude, baina, borondate guztia jarrita ere jasan ezin ditudan estiloak. Sarrera doan emanda ere nekez aurkituko naute OTren estiloko gala batean, talde heavyen ikuskizun pirotekniko batean edota Bon Joviren kontzertu batean. Beste hark zioen bezala, nahiago tximu bihurtu saio horietako batera joan baino.
Aurrez aipatutakoak bezalako proposamenak ezin ditut jasan, baina, nire fobia musikalaren podiumeko lehen lekuan tributo taldeak daude. Bai, besteen talentuaz, famaz eta, nola ez, abestiez baliatzen diren “talde” horiek.
Nostalgiarekin lotzen dudan fenomenoa da hau. Gaztaroan –eta baita orain ere– talde bat gustatu zait, eta originala ikusi ezin dudanez, haren klonarekin konformatuko naiz, Seattlekoa izan beharrean, Vicalvarokoa bada ere. Imitatu beharreko abeslariak kantatzeko modu berezi bat badu, klonak imitatu egingo du; gitarra jotzailea bozgorailuetara igotzen bada, klonak gauza bera egingo du. Eta berdin taldeko beste partaide guztiekin. Modelo originalaren antzera jantziko dira, orrazkera berberak izango dituzte, berdin mugituko dira agertokian, keinu berberak egingo dituzte, eta, noski, abestiak kalko hutsak izango dira. Beste hark esango du: “Beno, behintzat, ondo jotzen dute”. Horixe falta da! Materia prima bestearena izan eta, gainera, emaitza kaskarra izatea.
Ez nago bertsioak egitearen aurka, betiere sormenak bere lekua badu. Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean berriz entzun gabe lasai hil naiteke. Orain urte batzuk, baina, Pettik egindako bertsioa entzun nuen, eta barrenak mugitu zizkidan, Leteren abestia bere egin zuelako. Eta, klaro, Petti artista hutsa delako.
Orain gutxi gauza bera gertatu zitzaidan Mobydick getxoztarrak Itziarren eman zuen kontzertuan. Gau polita izan zen: bere abestiak jo zituen, baita bertsioren bat edo beste ere; Ruper Ordorikaren eta Pink Floyden bana, hurrenez hurren. Halako batean Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestiaren bertsio monumental bat jo zuen; bizkaitarrak jorratzen duen folk-rock ilunera eraman zuen. Sormenak eta talentuak bat egin zuten abesti hilezkor baten bertsio txundigarrian. Eta, beste hark zioena omenduz, hemengo honi hitz bakarra atera zitzaion: “Buatxabal!”.