Memoriaren plegu batean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko api. 1a, 10:00

Misterio hutsa da buruak nola funtzionatzen duen. Hau idazten dudan unean zailtasunak ditut gogoratzeko asteburuan zer egin nuen, eta ez garagardo artisauari astindu handiegia eman niolako. Baina, arazorik ez dut gogoratzeko txikia nintzela, 7 bat urterekin, argizari pote bat bota nuela, nahi gabe, etxeko balkoitik. Gogoan dut amak errieta egin zidala, eta gogoan dut argizari pote haren marka ere: Glo-co. Memoriaren misterioak.

Musikarekin antzera gertatzen zait. Orain pare bat hilabete erositako disko hark –aste osoan tokadiskotik kendu ez eta behin eta berriz entzun nuena–, agian, ziur aski, arrasto handirik ez du utziko nire bizitzan. Ez zait berdina pasatzen orain 20, 25 edo 30 urte entzundakoekin. Disko haiek mekanismoren bat jartzen dute martxan burmuinean. Azala edo abestiak bakarrik ez, batzuen kasuan zer dendatan erosi nituen ere akordatzen naiz, hamarkadak pasa badira ere.

Orain hilabete batzuk gertatu zitzaidan. CDz beteta dudan tiraderetako bat ireki eta orain 15 edo 20 urte entzuten nituen euskal disko batzuk aurkitu nituen. Diskoak irakurgailuan jartzeak zerebroko mekanismoa martxan jarri zuen automatikoki. 6nemen9 talde elgoibartarraren Pop-atic diskoa jarri, play botoiari eman eta burmuineko plegu batean gordetako artxiboa martxan jarri zen. “Gau ezezaguna da, arimarik ez dabil kalean. Tabernak hutsik dira, argiak oro su leihoetan” kantatzen hasi nintzen. Disko hori, agian, ez nuen entzun azken 10 urteotan, baina hasierako konpasetarako letrak buruan nituen bueltan.

Beti Mugan hondarribiarren Oreka desorekan diskoa jarri nuen ondoren. Hori ere auskalo zenbat urte nengoen entzun gabe. Filosofi aldaketak abestia heldu, eta han non nintzen ni ere estribilloa oihukatzen. “Ez gera inoiz asetuko, Jack Kerouak non ote dago?”.

Berriro gertatu zait gaur. BB Sin Sed talde kataluniarrak 20tapiko urte ondoren disko berria atera duela ikusita, bilduma arakatzen jarri eta han aurkitu ditut 1980ko hamarkada amaieran atera zituzten lehen diskoak. Gazte mukitsu bat nintzen garai hartan disko horiek behin eta berriz entzun nituen. Los Enemigos madrildarrekin batera gaztelaniaz kantatzen zuen talde gogokoena nuen. Orratza diskoaren hasieran jarri, eta abeslariarekin batera ari nintzen ni ere kantuan, orain 30 urte gazte mukitsu hark egingo zuen bezala. “Deja que arda el corazón al sol de Marzo, que golpeen fuerte las mañanas”.

Letra batzuk, abesti batzuk, disko batzuk, hain barrenean gordeta egoteak izango du beste arrazoi prosaiko bat: garai hartan diru gutxiago nuen diskoak erosteko, eta behin eta berriz entzuten nituen. Orain musika entzuteko mila eta bat aukera ditugu. Baina utz dezagun dirua alde batera, eta utz diezaiogun memoriari bereak eta bi egiten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide