Mozoloa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko uzt. 10a, 18:00

Orain dela egun batzuk plastikozko hondakinak botatzera joan nintzen, edukiontziko atea ireki nuen, eta han non zegoen LP bat kateatuta. Ez dakit zer talde edo abeslarirena izango zen, baina CBS diskoetxekoa zen. Eskutan neraman poltsa bota, eta diskoari begira geratu nintzaion. “Akaso nire diskoek halaxe amaituko ote dute, hondakinen edukiontzi batean?”, galdetu nion nire buruari.

15-16 urte nituela hasi nintzen diskoak erosten. Beraz, hiru hamarkada pasa noa bilduma osatzen. Denbora honetan disko asko erosi ditut, gehiegi, eta baita batzuk saldu ere. Handik urte batzuetara disko horietako batzuk berriro erosi izan ditut. Mozoloa izatea zer den. Une honetan alfonbra gainean ditut disko asko eta asko, baldetan lekurik ez dudalako. Ikearako bisita egin beharko dut egun hauetako batean.

Eta pentsatzen jartzen zara. Spotify eta streamingaren aroan, zer zentzu du diskoak erosten jarraitzeak. Berrikuntza gehienak atera eta egun gutxira Youtuben aurkitzen badituzu, zertarako ordaindu 20 euro baino gehiago disko bakarrean? Zergatik erosi Bob Dylanen 14 CDko azken kutxa, hori guztia laburtzen duen bi CDko bilduma aurretik baduzu? Zergatik segi erosten The Flaming Lipsen diskoak azkeneko guztiak aspergarriak iruditu bazaizkizu? Zergatik erosi berriro ere The Smithsen disko bera, orain biniloan, azken aurreko CDko edizio marabilloso eta remasterizatua dagoeneko eskutan baduzu? Zergatik gastatu 15-20 euro euskal abangoardiako musikari baten azken diskoan jakinda behin edo bitan besterik ez duzula entzungo? Zergatik, zergatik, zergatik.

Horiek guztiak eta gehiago egindakoa naiz, eta damu naiz jarraituko dudala egiten. Tentazioa zer den: Los Enemigos talde madrildarraren bi disko ditut saltoki digital erraldoi bateko... beno, bai, Amazoneko karritoan. Eta bai, pentsatuko duzuen bezala, bi disko horiek aurretik baditut... baina CD xarpoxo batzuetan, benetan edizio kutreetan. Eta bai, berri hauek biniloan ateratako edizioak dira, handiak, ez xarpoxoak eta gutxiago kutreak, distiratsuak, eta seguru soinua ere hobea dutela, nahiz eta nire belarriak ez diren gai izango desberdintasun hori antzemateko. Eta erosten baditut noski alfonbra gainean egongo direla beste guztiekin batera, oraindik Ikeara joan ez naizelako...

Gizontxo bat dut une honetan sorbalda gainean, ezkerrean edo eskuinean, begiratzen den tokiaren arabera, esanaz disko horiek dagoeneko baditudala eta ea zertan ari naizen. Ea uste baino mozoloagoa naizen. Kontzientzia dela esango nuke, eta bai, nik uste baino mozoloagoa naizela esango nuke...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide