Arkadiara bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko urr. 1a, 10:00

Viejovenes izeneko ikuskizuneko une batean, Ernesto Sevilla komediantea ikusleei zuzendu zitzaien. “40 urtetik gora ditugu eta diote oraindik gazteak garela. Bai, horixe! Kaka zaharra! Guri urdaiazpikoaren alde gogorra tokatzen zaigu orain”. Barrez lehertzen hasi ginen denok, 40 urteak aspaldi atzean utzi genituenak barne, ia ohartu gabe hitz horien atzean ezkutatzen zen egia sakonaz.

Denbora aurrera doa, hemen, agian, noizbait ikusiko dugun AHT tren baten abiada itzelean. Gabonak, jaiotzak eta erregeak berriro gainean ditugu, eta, nire kasuan, laua ordezkatuko duen bostaren muturra hor dago zelatan, oraindik urte gutxi batzuk falta bazaizkit ere. Eta nahi gabe bada ere, Nostalgia kanala sintonizatzen du buruak, aurrera begira taxuzko ezer egongo ez balitz bezala. Hor dago Txitxarron ikusi zenuen kontzertu hura, hor dago opari moduan jaso zenuen lehen single hura (OMDren Enola gay), hor dago lagunekin Donostiako jatetxe sasimexikar hartan muntatu genuena, hor daude erabat borratuta dituzun urte horiek, hor dago matematikako azterketa egin beharrean Clint Eastwooden Sin Perdon pelikula ikustera joan zineneko arratsalde hura, eta, denboran atzera eginda, hor daude Etxe-Ona jatetxeko arratsalde haiek: txokolatea txurroekin, uretan desegiten zen zuri koloreko bolado hura, Eibarko beraneanteak, boleroak eta rancherak. Nahiz eta adin bat izan (bost alu hori begira dut berriro), azken horiek bizi ez nituela esango nuke; entzundako istorioekin Coppolaren funtzioa betetzen duen neuronak osatutako pelikularen bat izango da, ziur aski.

Etxe-Ona aspaldi bota zuten lursail horretan etxebizitzak egiteko. Baina haren espiritua zutik mantentzen da, non eta ETB-1en. Zer da, bestela, larunbat gaueroko Oholtzan saioa Etxe-Ona katodikoa ez bada. Ez dira txokolateak eta txurroak egongo, baina bai boleroak, rancherak eta bilbainadak, Los Panchos, txistulari bandak edo jotak. Ruper, Atxaga, Sarrionaindia eta Muguruzatarrak existitzen ez diren euskal Arkadia pozgarri batera eramaten gaituen denbora makina da Oholtzan. Modernitatea ez da existitu eta ez da existituko. Anari, Lisabö edo Mursego? Bai zera! Pantxoa eta Peio entzuten dute Iparraldean, Urko Gipuzkoan, Gontzal Mendibil Bizkaian eta Gorka Knörr Araban; Nafarroan jotekin jarraitzen dute, Maria Ostiz entzuten ez dutenean. Tamalez, ez dago uretan desegiten den zuri koloreko boladorik bidaia goxatzeko. Si tu me dices ven, lo dejo todo diote Los Panchosek; ETB-1ek dei egiten dizunean dena uzten duzu... beste nonbaitera alde egiteko. Zorionez, Arkadia pozgarri horretatik kanpo eskaintza zabala dago. Oraingoz...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide