Tabernetan aurki daitekeen garagardo eskaintza esponentzialki handitu da azken urteotan. Modan dago zerbeza edatea. Akabo San Miguelen diktadura, edo Kelerrena (Jon Pagola kazetari eta musikazaleak dioen bezala, Killer, hiltzailea), edo Heinekenena, zerbait txukunagoa hartu nahi genuenean. Orain, garagardozaleok zerbeza mota ugariren artean aukera dezakegu: artisauak eta industrialak, arinak eta alkohol maila handiagokoak; beltzak, tostatuak eta IPAk. Sodoma eta Gomorra garagardoaren munduan. Artisauak garestiagoak dira, eta hor tentuz ibili behar izaten dut: pare bat garagardo artisau hartu, eta jarraian ohikoetara. Bestela, igande goiz askotan neure buruari egiten diodan galdera bera errepikatuko dut behin eta berriro diru zorro hutsa eskutan dudala: “Nor ez nuen gonbidatu atzo?”.
Hasieran parrandarako edota kontzertuetarako erregaia zena plazer txikia bihurtu zait. Tabernetara joan, barra gainean izaten dituzten botilak eta latak aztertu, aditua izango banintz bezala garagardo mota bakoitzaren inguruko azalpenak eman aspertu aurpegia duen tabernariari, edalontzia argi aurrean jarri eta edariaren koloreaz debatitu, usaindu, ahora eraman eta bueltaka eduki lupuluaren garraztasuna hobeto dastatzeko, eta barrura! Eta amaitutakoan, zeremonia osoa berriro errepikatu beste zerbeza batekin. Kakahuete edo antzekoekin lagunduta bada, hobeto. Postureoa? Pixka bat bai, egia esan.
Edozein tabernatara sartutakoan, oporretan bereziki, galdera bera egiten diot tabernariari: zer garagardo dituzue? Kuadrillako lagun batek egindakoa dela? Aurrera. Teideko harrien artetik pasatzen den ura erabili dutela zerbeza egiteko? Proba dezagun. Edaria ahora eramatean ogi zaporea sumatzen duzula? Ekarri bat hona. Noizean behin, baina, alkoholaren lurrunak burmuinera heldu zaizkidalako edo, defentsak jaitsi eta kaña normal bat eskatzen dut. Hor sor daiteke krisia, tabernariak aurrean Cruzcampo bat jartzen dizunean. Horren aurka ez dago zer eginik.