Arrotzaren poz txikiak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko abe. 26a, 11:22

Asko kostatzen zait, ez zait batere gustatzen, eta oso gutxitan erabiltzen dut. Batzuek oso harro diote kazetariak direla; nik ahalik eta gutxien esaten dut. Ez naizelako kazetaria. Ez dut kazetaritza ikasi, arrotza naiz gremio honetan. Egia esan, ezer gutxi ikasi dut. Bizitzako unibertsitatean lortu ote dut doktoretza? Ez, koinatu bat izatea ere ebitatu nahi izaten dut, oporretan lagunei, lankideei edo familiartekoei ‘hemen, sufritzen’ dioen argazki edo mezuren bat edo beste bidaltzen badiet ere.

Aurten hogei urte bete ditut gremio honetan lanean. Lanbide honetatik bizi naiz, kazetaritzatik ateratzen dut nire bizibidea, nire soldata. Gipuzkoako egunkari salduenean 15 urte egin nituen, eta Baleiken ia sorreratik nabil, dezentetan utzi dut... baita bueltatu ere. Eta, hala ere, ez dut gogoko kazetaria naizela esatea, ez naizelako, eta ofizio honi errespetu handia diodalako. Gustatzen zait kazetaritza. Txikitatik irakurri izan ditut egunkariak; irratia eta telebista baino gogokoagoa dut prentsa idatzia, paperean edo Internet bidez izan. Erreportaje luzeak diren liburuak ere sarri irakurtzen ditut. Baina ez dut inoiz izan kazetari izateko grina. Nik arkeologoa izan nahi nuen! (Indiana Jonesen eragina). Kazetari askok diote Lou Grant telesaila ikusi ondoren sortu zitzaiela kazetari izateko gogoa. Uste dut telesail hori ikusiko nuela, baina... ez, ez da nire kasua. All the presidents men pelikula estatubatuarrak Washington Post egunkariko Woodward eta Bernstein kazetariek Watergateko kaka nahastea argitzeko egindako ikerketa lana kontatzen du. Hor piztu ote zitzaidan nire bizitza kazetaritzara bideratzeko gogoa? Bada, ez; pelikula asko gustatzen zait, sarritan ikusi dut, garai hartako film asko bezala, baina ez, ez da nire kasua.

Egia prosaikoagoa da: langabezian nengoen, DVko Zumaiako korrespontsala zen laguna ezkontzera zihoan, eta eztei bidaiako egunetan lanean ordezkatzeko norbait behar zuen. Ni nintzen hori. Eta bizpahiru asteko ordezkapena izan behar zuena hamabost urte eta erdikoa bihurtu zen. Ofizioa ikasiko nuen, lanpostua ez nuen eta inoiz arriskuan ikusi; hain txarra ere ez nintzen izango, hemen segitzen dut eta. Baina, hala ere, kostatu egiten zait, asko kostatzen zait, esatea kazet...

Beno, egiekin jarraituta, onar dezagun hau, kazetaria naizela behin baino gehiagotan esan dut: museo batzuetan kazetariek deskontuak izaten dituzte sarreretan, eta hor ni naiz kazetari txartela abiada bizian ateratzen duena, leihatilan dagoenak ezer galdetu aurretik. Hor bai, hor kazetaria naiz. Arrotzek ere poz txikiak behar izaten ditugu eta, horretarako printzipioak pikutara bota behar baditugu ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide