Edertasuna erasoaren ertzetan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko urt. 19a, 11:00

Buruko mina daukat, lepoa ere halako moduan, eta lo gutxi egin dut. Belarrietan, zorionez, ez dut soinu arrarorik sumatzen. Zahartzaroa ote, edo atzo gauean Donostian, Antiguako jaien barruan, Lisabö talde irundarrak emandako deskargaren eragina?

Onartu behar dut talde hau ez zitzaidala batere gustatzen. Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak erosi nuen lehenbizi, 2006. urtean, Anariren Zebrakekin batera, Urbil merkataritza-gunean, oraindik diskoak saltzen zituzten garai hartan. Bat asko gustatu zitzaidan, bere denak bezala; bestea ez, eta pare bat aldiz entzun ondoren korrederan bukatu zuen, gaizki atera zaizkidan beste apustuekin batera. 2011n Animalia lotsatuen putzua erosi nuen, bi kopia gainera: lehena anaiari oparitu nion, baina hain diseinu polita zuen, niretzako ere eskatu nuela. Entzun ote nuen? Ez asko, egia esan. Baina bildumazalea naiz, eta taldearen beste diskoen bila hasi nintzen. Ezarian eta Inoren Ero Nirekin partekatutako Coupages #1 singlea Irungo Bloody Mary dendan aurkitu nituen; ordurako agortuta zeuden. Esan behar al da jarraitzaile sutsuak dituztela, bai Euskal Herrian eta baita hemengo mugetatik kanpo ere?

2018. urte amaieran epifania antzerako bat izan nuen. Durangoko Azokaren atarian bi disko berrargitaratzen zituela informatu zuen Bidehuts diskoetxeak, Anari, Audience edota Willis Drummond taldeekin batera sortutako kolektiboak: Ezlekuak eta Egun bat nonahi. Biak ala biak aspalditik agortuta zeuden. Sorpresa bi egun geroago etorri zen, Lisabören itzulerarekin: Azokan Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen (ze titulu onak dituzten beraien diskoek!) aurkeztuko zuten, ia inork jakin gabe grabatutako diskoa. Berri Txarrakek agur esaten zuen une berean itzultzen ziren irundarrak, eta nik, behintzat, barruan zerbait berezia sumatu nuen. Nola? Ez bazait taldea gustatzen? Auskalo! Agian burmuinean igerian dabiltzan neuronetan aldaketak izan ziren, eta indie poperoek erretiroa hartu zuten erritmo bortitzagoak maite dituztenek erreleboa hartzeko. Mk Durangotik ekarri zizkidan lehen biak; anaiak erregalatu zidan azkena, urtebetetzetako opari bezala. Eta ordutik nire musika menuko jaki fijoa bihurtu dela esango nuke.

Ordura arte ez nituen zuzenean inoiz ikusi, Bidehutsen Mirailak disko kolektiboaren aurkezpeneko kontzertu laburrean izan ezik. Ordutik denbora gutxian hirutan ikusi ditut; Madrilera espresuki ere joan nintzen Anarirekin batera eman zuen kontzertua ikustera. Atzo berriro errepikatu nuen, Antiguan. Eguraldia ez zen aproposena, hotza eta euria egiten zuen; eta frontoia, agian, ez da agertokirik egokiena kontzertu bat entzuteko. Baina bi bateria jotzaileak bonboa eta danborra astintzen hasten diren momentuan burua, nahita edo nahigabe, errukirik gabe hasten da mugitzen; baxuaren grabeek bizkarrezurra hartzen dizute, eta bi abeslari/gitarra jotzaileen erasoak kristo bat eginda uzten zaitu. Esperientzia bortitza da, gordina, mingarria ere bai une batzuetan (bereziki bozgorailuetatik hurbil bazaude). Baina ukabilkada horren atzean edertasuna ere aurkitzen dut, batzuentzako ulergarria izango ez den edertasuna, hori onar dezaket. Nazioarteko edozein talderen mailako zuzenekoa du Lisabök –ikusi ditudan kontzertuak bata bestearekiko desberdinak izan dira–. T, T eta S, atzo Antiguan nirekin izan ziren lagunak, ez dira iritzi honen aldekoak izango; zerbait falta zaiela zioten, melodiarik ez dutela. Beno, ez dut uste kontzertu hauetara melodia bila joaten zarenik, baina hori nire inpresioa da.

Eta oraingoz agortuta utzi naute; denbora batean ez ditut berriro ikusi nahi... edo bai. Nork daki.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide