Koarentenako egunerokoa: seigarren eguna (martxoak 19)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mar. 21a, 07:41

Psikologoek diote behar beharrezkoa dela gaur egun bizi dugun egoeran umorea mantentzea. Eta bai, hemengo honek hortik soberan duela esango nuke, askotan galipota baino beltzagoa bada ere. Baina ez da erraza izaten askotan umoretsu egotea.

Errutina bat mantentzea beharrezkoa dela ere esaten dute. Eta hala, egun batzuren ondoren, okindegira itzuli naiz, haize pixka bat hartzeko aukera ere ematen duelako. Laino itsua dago goiz partean, eta kalea hutsik. Beno, emakumezko bat txakurra paseatzen. Hortik aurrera, inor ez. Eta liburu eta komiki asko irakurri ditudalako, edo pelikula dezente ikusi ditudalako, pentsatzen jartzen zara agian Jack el Destripadorren bat agertuko zaizula laino artetik. Baina ez, hori ere ez.

Okindegiko langileek maskarillak daramatzate. Lurrean marka batzuk jarri dituzte, distantziak mantentzeko. Eta beste une batean gertatuko ez zena gertatzen da: bezeroek errespetatu egiten dutela. Bi besterik ez dira sartzen batera, eta besteak kanpoan daude, ilara egiten, eta distantzia mantentzen. Egun normal batean tertulian egongo ziren; orain isiltasuna da nagusi.

Etxera bidean, aldapan gora, ezagun batekin egin dut topo. Normalean ogirik erosten ez duela esan dit, astean behin denda batera ekartzen diotelako. Baina hura ere itxita dago, eta ohiturak aldatu behar. “Ez da izango hau ogi bila ateratzen naizen une bakarra”, dio barre artean. Agurtu gara, auskalo noiz ikusiko dudan berriz.

Kafea prestatu eta Eels taldearen ‘Live at Town Hall’ jarri dut irakurgailuan. Mark Oliver Everetten taldea da, bera da abeslaria eta taldeko burua, urte hauetan guztietan mantendu den kide bakarra (liderra izateak zer duen). Kristoren diskoak izateaz gain, eta hau da horietako bat, ‘Bilobek jakin beharko lituzketen gauzak’ liburuaren idazlea ere bada. Liburu erabat gomendagarria. Eta Eels zuzenean ikusteko aukera duenak, ez dezala okasioa galdu. Hirutan ikusi dut, hiruretan desberdina izan da, eta hirurak tremendoak.

Bilera izan dugu beste behin ere Hangouts bidez, eta eguneko lanak banatu ditugu. Nik Hitzako zierrean jarraitzen dut, eta, zorionez, azken eguna da. Esan nuen ba lan hau gustura hartuko nuela. Nipadios! Ez dakit zein izango den nire etorkizuna, baina garbi daukat bost astean behin lan hau egitearekin nahikoa eta gehiegi dudala. Zierrea, berez, arratsaldean egiten da, baina lankide batzuk bezperan bidali zituzten beraien orriak. Horiek zuzendu eta diseinatzaileari bidali dizkiot.

Mercury Rev taldearen ‘Deserter’s song’ diskoa jarri, eta sofan eseri naiz gaixotasunen inguruko liburua bukatzera. Eta halaxe egin dut. Liburu oso interesgarria, eta sinez diot ez nukeela gaixotasun horietako bat izatea nire inguruko inork, ez inork ere orokorrean. Liburua bukatuta, orain zer? Badut mania bat, beste bat, eta da liburu edo komiki bat amaitzen dudanean, egun horretan bertan ez dudala beste libururik hasten. Asentatzen uzten du, eta memorian tarte bat lortzen badu, agian esperientzia ona izan delako da. Edo ez, agian zeharo txarra zelako, eta ezin dudalako esperientzia hori ahaztu. Auskalo.

Lanean jarri aurretik PJ Harveyren ‘Stories from the city, stories from the sea’ diskoa jarri dut. Leihoak zabaldu eta bolumena igo dut, kalean entzun dezaten. Dios, zenbat gustatzen zaidan emakume hau! Askotan erabiltzen da artista hitza, askotan modu peioratiboan, baina emakume hau bai dela artista totala!

Zoramen eguna izan da gaur lanean. Eguerdi partean EAEko koronabirus kasuen berri eman dute, herriz herri. Zumaian ez dute kasu bat bera antzeman, momentuz, baina inguratuta gaude; Deban, Getarian edo Zarautzen badira kasuak. Gero, gauza da ea datu horiek sinesgarriak diren jakinda askori ez diotela testik egiten. Enfin...

Becken ‘Mutations’ diskoarekin (mutazioak, birusa ere mutatzen ariko ote gauzak oraindik eta okerrago jartzeko...) egin dut arratsaldean lan. Egunkarikoa bukatu dela, horixe gauza positibo bakarra.

#EtxetikMundura egitasmoarekin hasi gara lanean. Eskualdeko sortzaileei eta eragileei bideo batzuk bidaltzeko eskatu diegu gero webean jartzeko. Irakurketak, bertsoak, musika... Edozer izango da ongietorria. Eta hor konturatzen zara zer jende ona dagoen inguruan.

Joseba B. Lenoirren ‘Eguzkiari begietara so’ diskoa jarri dut eguneko azken lanak egiteko. Berakoa hau ere, Petti, Joseba Irazoki eta beste asko bezala. Halako herri txiki batean halako sortzaile puskak sortu izana, eta ia denak garai berean... Zer gertatu ote zen? Akaso birus edo bakteria sortzaile batek atakatu al zuen Bera garai batean?

Txakurrik ez, eta kaktusa paseatzera aterako naizela esan det. Ez, ez nago hain kaskatuta, ez oraindik. Baina zaborra eramatera atera naiz. Normalean ez da hain gustuko dudan ardura, baina gaur ez diot muzinik egin. Hori bai, mantso-mantso hurreratu naiz edukiontzira. Gaur plastikoak atera ditut, eta hurrengo egunetan besteak eramango ditut. Aukera guztiak aprobetxatu behar dira minutu gutxietan bada ere etxetik ateratzeko.

Mikelekin egin dut topo. Atari berean bizi gara, baina astebete baino gehiago da ez nuela ikusten. Txakurra atera du egin beharrekoak egitera. Hizketan egon gara. Kontaktu humanoa zer ondo etortzen den batzuetan.

Afaldu eta sofan bota naiz. Netflix zabaldu eta Herbalife enpresak egindako ustezko fraude piramidalaren inguruko dokumentala jarri dut, ‘Betting on zero’. Interesgarria, ez naiz lo geratu, garai honetan ez dela gutxi.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide