Eta hori ez zaidala guztiz arrotza egiten. Txikitan sarritan gordetzen nitzen etxean, liburuekin. Gero, baina, San Miguel agertu zitzaidan, forma likidoan, eta hor dena aldatu zen. Pentsatzen jarrita, denbora da ez dudala San Miguel bat edan. IPA, APA eta garagardo artisauekin moko finekua bihurtu naiz.
Errutinak: goiz jaiki (oso gaizki egin dut lo...), kafea prestatu, eta egunerokoa idatzi. Sílvia Pérez Cruzen ’11 de novembre’ diskoa jarri dut. Bakarkako bere lehen diskoa da hau, eta zoragarria da. Hau eta Raul Fernández Miró Refree-rekin atera zuen ‘granada’ maisulanak dira. Ze ahotsa duen, ze talentua! Nonbaiten irakurri nuen hau: Pérez Cruz elkarrizketatu behar zuen kazetari batek Diego A. Manrique musika kritikariarekin hitz egin zuen aurretik, eta honek gomendatu zion distantziak mantentzeko, maiteminduta bukatzeko arrisku handiak zituelako. Eta hala da. Donostiako Victoria Eugenia antzokian zuzenean ikusi nuenean –sekulakoa izan zen kontzertu hura–, entzule batek “ezkon zaitez nirekin!” oihua bota zion... eta ez nintzen ni izan.
Bilera Hangouts bidez. Lehen astean behin izaten genituen bilerak, orain egunero...
Hitzarik ez dago asteburuan, eta webguneko eta aldizkariko lan batzuk egiten aritu naiz. Onartu behar dut, eta hau hala da, nire lankideek zentzu horretan nik baino lan dezente gehiago egin dutela; besteen testuak egokitu edo, zuzenean, copy-paste egiten aritu naiz. Hori hala da, ez diot nire buruari dominarik jarriko. Baina badut arrazoi bat hori egiteko: datorren astean, nola edo hala, Baleike aldizkaria inprentan sartu behar dugu, eta elkarrizketa eta erreportajea idaztea tokatzen zait, iritzi artikuluarekin batera. Asteburu hau aprobetxatu nahi nuke hori egiteko.
Belle & Sebastian talde eskoziarraren bi disko jarri ditut lanean ari naizela entzuteko, bigarrena eta hirugarrena: ‘If you’re feeling sinister’ eta ‘The boy with the arab strap’. Egiten zuten ganberako pop musikarekin garai batean munduko talde onenetakoa izan zen. Garai horretan atera zituzten lau diskoak eta zazpi Epak gozada bat dira orain entzunda ere. Gero, beste bide bat hartu zuten, eta hori ez zait hain interesgarria egiten; disko batzuk kaskarrak direla ere esango nuke (azkenekoa ez du entzun ere egin). Pasa den urte amaieran, beste bizitza batean, kontzertuan ikusi nituen, Iruñean, eta aspertu ez, baina moskeatu egin nintzen une batzuetan: dituzten abesti zoragarriekin zergatik jotzen dituzte gauza diskotekero kutre horiek?
Listo, hemen dugu Zumaiako lehen koronabirus kasua. Osasun Saila herriz herriko datuak ematen hasi da, eta bigarren egunerako agertu da lehen kasua Zumaian. Eskualdeko egoerak ere okerrera egin du: Azkoitian, Azpeitian, Getarian eta Zumaian kasu bana, eta Zarautzen 11 (!). Eskualdea ez da izango, baina Deban ere badago beste kasu bat. Eta hauek datu ofizialak dira. Testik egiten ez bada, zein izango ote dira benetako datuak? Konspiranoikoa jartzen ari naiz.
Bazkalondoren, San Jose kalean Eskoziako eguna delako edo, Orange Juice taldearen ‘Rip it up’ diskoa jarri dut. Edwyn Collinsek 1980ko hamarkadan zuen taldea da, eta orain urte batzuk diskografia osoa bildu zuten ‘...coals to Newcastle’ ez dakit zenbat Cdko bilduma batean. Berandu enteratu nintzen, eta erosi nahi nuenerako agortuta eta deskatalogatuta zegoen. Bigarren eskuko ale bat erosi nion Internet bidez Texaseko tipo bati. Eta bai, ulertzen dut bere garaian zer garrantzia izan zuten, baina ez naiz sartzen, barrenean ez dut ezer sentitzen. Diskoa amaitu aurretik kendu dut, eta Echo & The Bunnymenen ‘Crystal days. 1979-1999’ bilduma jarri dut irakurgailuan. Aldizkariko elkarrizketari forma ematen aritu naiz Liverpool hiriko laukotearen musika ilunarekin.
Roberto Gutierrezek egindako bideoa jarri dugu #EtxetikMundura emanaldietan. Zerbait egiteko eskatu nion eta egun gutxiko epean bidali zuen. Baleikeko maketatzailea izan zen urte askoan, eta zineari, kulturari eta auskalo zeri buruzko hizketaldiak izaten genituen, askotan, zerbeza batzuk lagunduta. Tertulia horiek ere faltan sumatzen ditut.
Zertxobait afaldu (ez daukat jateko gogo handirik), eta telebista aurrean jarri naiz. Koronabirusari buruzko informazioa saihestu nahi dut. Psikologoek eta adituek diote informazio hori egunean behin bakarrik jasotzearekin nahikoa dela, bestela antsietate egoerak sor daitezkeelako. Eta kasu egiten diet, baina baita nekatuta nagoelako monotemarekin. Ez dakit zer ari naizen ikusten, aspertzen ari naiz, eta goizeko 5etan esnatu izana ari da bere eragina izaten. Banoa ohera.