Gorria-koloretakoa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mar. 22a, 10:00

Ez naiz kirolzalea. Ez dut uste inor harrituko duenik hori jakiteak. Realaren partida bat edo beste ikusi dut zuzenean –Realak ez du inoiz irabazi ni joan naizenean–, eta Anoetara ere hurreratu naiz rugbyko partidaren bat ikustera. Kirol ekitaldi gehiago ere ikusi ditut, baina ez zaletasunagatik; lanagatik, baizik. 

Sofakoa bestelakoa da. Saskibaloi eta eskubaloiko partidak ikusten ditut, munduko edo Europako txapelketak jokatzen dituztenean. Txirrindularitza ere gustukoa dut... siesta egiteko. Batzuek gogoko dituzte La2-eko animaliei buruzko dokumentalak bazkalondoren lo egiteko. Keba, ez dago 300 kilometroko etapa lau bat bezalakorik zurrungaka hasteko. Halakoetan zenbat kilometro egin dudan lo kontatzen dut: Avilatik Ciudad Realeko etapan 56 kilometroko lo saioa; La Rochelletik Lillera 43 kilometroko siesta. Ez naiz lo erraz hartzen duenetakoa, baina ez dago Gaztelako lautadetatik igarotzen den etapa bat bezalakorik burua kuxin gainean ezarri eta lerde jarioa hasteko.

[Siesta egiteko] Txirrindularitzara biziatuta, denboraldia amaitzean izaten da arazoa. Zer jarri lo egiteko? Helikopteroen errotoreek ateratzen duten melodia lo eragilera ohituta, beste somnifero baten bila abiatu nintzen orain urte batzuk telebista kateetan zehar. Eta han aurkitu nuen hasiera batean ulertzen ez nuen kirol edo joko bat. Billarraren antzerakoa zen, baina, aldi berean, desberdina. Bola zuri bat zegoen, gorri koloreko mordoa, eta, mahaian zehar kokatuta, kolore desberdinetako beste bola batzuk. Jokalariak makilarekin bola zuria jota lehenbizi gorria sartu zuen zuloan, eta hurrengo jokaldian beste koloreko bat. Baina, adi: epaileak koloretako bola hori zulotik atera eta berriro mahaian jarri zuen, jokoarekin jarraitzeko: gorria-koloretakoa, gorria-koloretakoa. Lo egiten saiatu nintzen, baina ez zen posible izan: begi bat itxia nuen, bestea, ordea, zabalik, pantailan gertatzen ari zenari adi-adi begira. Snooker zuen izena joko horrek, eta ulertzen ez banuen ere, bazuen zerbait nire interesa bereganatzeko. Hurrengo egunean berriro egin nuen topo joko horrekin, eta ez nuen kanala aldatu. Hirugarrenean haren bila joan nintzen zuzenean, eta hala jarraitzen dut urte batzuk geroago.

Badakit herrian badela joko hau gogoko duen jende gehiago. Txapelketaren bat ikustera Ingalaterrara joateko gogoa duen gazte talde bat ere badela jakin nuen. Ez, nire zaletasuna ez da horraino heltzen. Oraingoz telebista bidez ikustearekin nahikoa dut: gorria-koloretakoa, gorria-koloretakoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide