Eta eguna ez da gaizki hasi. Udaberriko eguraldi polita (oraindik ez naiz alergia igertzen ari), astoak arrantza batean, txoriak txioka, okindegira nahiko umore onean jaitsi naiz. Atariko bizilagun batekin topo egin dut. Aurreko mendiko astoei buruz hitz egiten hasi, eta itxialdiaren inguruan hizketan izan gara. “Emazteari esan izan diot: ‘emaidazu zerrenda eta joango naiz ni erosketak egitera’. Eta berak berehala: ‘bai, horixe! Etxetik ateratzeko dudan arrazoi bakarra hori da, beraz, ni joango naiz erosketak egitera’”. Ez dut uste pertsona honekin hainbeste hitz egin dudanik inoiz.
Etxera bueltatu, kafea jarri, astoei berriro begiratu, eta ordenagailua martxan jarri dut, egunerokoa idazteko. Aldizkariko lanak ia bukatu ditut, eta gaur eguna lasai hartuko dut. Bai, lanean guardian nago, baina ez dago ezer kubritzeko, eta webgunean gutxiengo zerbitzuak izango dira. Sufjan Stevensen ‘Illinois’ diskoa jarri dut prentsa azaletik irakurri eta egunerokoa idazteko. Tipo hau ere genio antzerako bat da eta bere azkeneko ‘Carrie & Lowell’ maisulan hutsa. Biniloan daukat, bere beste disko asko bezala, baina ez daukat orain LPen artean bilaka hasteko gogorik, eta eskura dudan beste CD hau jarri dut.
Baina, ikusita eguraldi polita genuela, soul pixka bat jartzea egoki izango dela pentsatu dut. Van Morrisonen ‘It’s too late to stop now’ zuzeneko monumentua jarri dut. Ondoren zer disko jarriko nituen ere pentsatu dut: Curtis Mayfielden ‘Curtis/Live’ eta Bruce Springsteen & The E Street Banden lehen garaiko zuzenekoa, ‘Hammersmith Odeon, London ‘75’. Eta hor heldu da zaplastakoa, WhatsAppeko mezu bihurtuta: Pedro Sanchezek alarma egoera beste 15 egun luzatuko duela. Edo, hobe esanda, hasierako epeari gelditzen zitzaion astebeteari beste bi aste gehitu dizkiola. Hau da, hiru aste gehiago etxetik atera gabe. Seguru nengoen hala izango zela, baina ez nuen hala izaterik nahi... eta mundua erori zait. Musika geratu eta isil-isilik geratu naiz albistea digeritu nahian.
Ez daukat lanerako gogorik, ez daukat irakurtzeko gogorik, ez daukat ezertarako gogorik. Kajoia zabaldu eta Third Eye Foundationen ‘Collected works’ atera dut. Drum&bass ilunak laguntzen dio desesperazio/mala letxeari.
Bazkalondoren telebista aurrean bota naiz, edozer txerrikeria ikustera. Harrigarria da, benetan, inoiz baino telebista kate gehiago izan, eta aldi berean pantailetan ematen duten zaborra neurrigabea dela. Behin eta berriz botatako pelikulak, Bigarren Mundu Gerrako dokumentalak berriro ere (horietako pare bat ikusi ditut), errepikatutako kirol saioak, eta, flipanteena, futboleko bideojoko baten partida kiroletako kate batean. Hau popatik hartzera doanaren beste seinale bat.
Palanka erabili eta sofatik jaiki naiz... beste sofan botatzeko. Goiko umeak musika eskolako etxeko lanak edo egiten ari dira, eta haurrek jotako musika entzuten da gurean ere. Kontua da ‘Sonrisas y lagrimas’-eko musika ari direla jotzen, eta hori bai ezetz. Neutral Milk Hotelen ‘In the aeroplane over the sea’ eta Kaskezurren ‘Ihesi doaz animaliak’ (orain bi urteko surfestako deskubrimendua azken talde hau; ez nuen ezagutzen). Liburu berri bat hasi dut: Gary Youngeren ‘Un día más en la muerte de Estados Unidos’ erreportajea. Egun berean Estatu Batuetako leku desberdinetan tiroz hildako hamar haur eta nerabeen historiak jasotzen ditu. Gogorra, benetan.
Gauerdia: goiko ume txikia marruaka hasi da beste behin ere. Bere amesgaiztoan gominolak amaituko ziren. Eta esnatu egin nau, beste behin ere.