Ro Azkoitiko eta Azpeitiko musika taldeak Athalase izeneko lehen disko luzea argitaratu du. Bost abestiz osatutako lana da, eta atzo jarri zuten entzungai Bandcamp eta Youtube plataformetan. Itxialdian lagunek bidalitako bideoekin osatutuako bideoklipa ere prestatu du boskoteak. Taldeak jorratzen dituen askotariko estiloak bildu dituzte diskoan, beti ere post rockaren barruan. Eñaut Gaztañagak (Grises, Ezpalak) Zestoan duen Gaztain studioan grabatu dute diskoa. Taldearen ibilbideaz eta diskoaz hitz egin du Josu Usobiaga bateria-jotzaile azkoitiarrak.
Athalase da diskoaren izenburua. Zergatik?
Atalase da, baina beste modu batean idatzita. Diskoko abesti baten izena ere bada. Diskoarekin historia bat, trantsizio antzeko bat, landu nahi izan dugu. Gitarra-jotzailearenak [Gorka Alcalde] dira kanta gehienak, nahiz eta denon ekarpenak gehitzen dizkiegun horiei gero. Hark ideia bat garbi zuen hasieratik: historia bat kontatu nahi zuen. Horrenbestez, diskoak hasieratik bukaerara zentzu bat izatea zen helburua. Lehen abestiak nahiko lasaiak dira, rock instrumentuekin eginak, eta bukaera aldera, elektronika gehiago sartu dugu. Hor erdian dago atalase hori; jotzen ditugun estilo guztiak banatzen ditu pixka bat horrek.
Narrazio bat duela diozu. Horrek disko kontzeptualak ekartzen ditu burura. Hala al da?
Bai, hala da, baina niri ez zait hitz hori gustatzen; belarriko mina ematen dit! Baina bai, historia bat kontatzen du. Jaiotzarekin hasten da, Jaitera abestiarekin; nahiko abesti suabea da, melodikoa. Hasierako lasaitasun hori islatzen du. Bigarren abestia, Anima, landuagoa da, luzeagoa, eta bizitzaren hurrengo fasea kontatzen du. Gero atalase hori dator, Athelas abestiarekin, eta industrializazioarekin-edo dago lotuta; aurreko magia horrekin hautsi eta errealitatera eramaten gaituen unea da. Hortik aurrera, Eriok bizi dugun dekadentzia kontatzen du, eta bukaerako Aierkünte da horren ondorioz etorri den inteligentzia artifiziala eta gaur egun oraindik ezagutzen ez dugun guztia. Egun bizitzen ari garen egoera –itxialdia, teknologiaren bidez komunikatzen aritzea– horren nahiko parean dagoela esango nuke.
Lehenengo lan luzea duzue kaleratu berri duzuena...
Bai, hala da. Orain arte abesti solteak eta singleak atera ditugu: Ilhunbean esan eginak, Aikor eta Tenk!. Baina horiek denak era digitalean soilik atera ditugu; modu fisikoan ez genuen ezer. Dena den, jendeak diskoa eskatzen zigun zuzenekoen ondoren eta. Disko luzeak, askotan, aurkezpen karta bezala ere ikusten dira... Tokatzen zitzaigun diskoa ateratzea, eta une hau aukeratu dugu. Orain kopien zain gaude. Biniloan ere aterako dugu, eta apirilaren erdi aldera heltzea espero dugu, baina atzotik [ostiralean argitaratu zuten] sarean da.
Hiru urteko bizitza du taldeak, nahiz eta kideok aurretik beste talde batzuetan arituak zareten. Nola ikusten duzue urte hauetan egindako bidea?
Hasieratik nahiko garbi genuen bidea, eta bide horretatik goaz orain. Bide naturala izan dela esango nuke. Ez gara joan aldaketa baten bila; pausoz pauso joanda, hona heldu gara. 2017 urtearen amaieran hasi ginen martxan, eta 2018an zorte dezente izan genuen, kontzertu dezente eman genituelako. Izen handiko taldeekin ere jo izan dugu, gainera: Toundrarekin, adibidez. 2019an, berriz, Kutxa Kultur fundazioaren bekadunak izan gara urte osoan, eta horrek kontzertu gehiago ematea ekarri digu. Kutxak diskoa ateratzeko dirua ere eman digu, eta hori aprobetxatu dugu Athalase ateratzeko. 2019. urtean kontzertuak jotzen eta konposatzen aritu ginen. Oso garai intentsoa izan zen, egia esan.
Aurreko abesti denak zuen kabuz grabatu dituzue, baina disko honetan Eñaut Gaztañagarekin egin duzue lan. Zergatik?
Diskoa grabatzeko dirua izanda, pentsatu genuen merezi zuela estudio profesional batean sartzeak; guk grabatu beharrean, soinu ona duen leku txukun batean sartzeak. Data aldetik nahiko larri genbiltzan, eta Eñaut ezagutzen genuen pixka bat. Hark ez darama denbora asko lan horretan, baina talde batzuk grabatu ditu, eta denek oso ondo hitz egiten dute berataz. Bere lanak ere entzun genituen, eta estudioan lortzen zuen soinua gustatu egin zitzaigun. Apustua egin genuen, eta egia esan, oso gustura gaude atera denarekin. Grabazioa nahiko zaila izan da; data aldetik oso larri genbiltzan eta Eñaut lan dezenterekin zebilen. Azaroan, hiruzpalau egun zituen diskoa grabatzeko libre, eta egun horietan grabatu genuen. Estudiora sartu aurreko bi asteetan egunero joan ginen lokalera, lanera. Etxeko lanak ondo eginda joan ginen, eta hiru egunean egin genuen grabaketa guztia.
Diskoa zuek atera duzue, disketxeen laguntzarik gabe.
Autoedizioa da, baina Kutxaren laguntzarekin atera dugu. Orain banaketan lagunduko digun norbaiten bila gabiltza. Plataformetara igo dugu diskoa; Bandcampera eta Youtuben ditugun kanaletara igo dugu. Denborarekin, diskoa Spotifyn eta iTunesen ere egongo dela espero dugu.
Koronabirusaren krisialdiak eragina izango zuen aurkezpenean, ezta?
Zortea izan dugu; izan ere, ez dugu ia kontzerturik bertan behera utzi beharrik izan. Amurrion eman behar genuena gelditu zen bertan behera, baina... Taldekide batek umea izan behar duela-eta geldialdi bat hartu behar genuen. Beraz, nahiko ondo egokitu zaigu koronabirusaren kontua. Dena den, maiatzean dugu kontzertu bat Tolosako Bonberenean; espero dut ez dela bertan behera geldituko.
Ba al duzue diskoa aurkezteko kontzerturik prestatuta?
Bonbereneakoa izango da diskoa era fisikoan izango dugula emango dugun lehen kontzertua. Baina ez dugu proposatu aurkezpen moduan. Matadeixen Lisabörekin jo genuen, eta diskorik ez bagenuen ere, diskoaren aurkezpeneko kontzertua hura izatea nahi izan genuen. Aurkezpen "ofizial" modukoa hura izan zen. Diskoa, printzipioz, Bandcampen jarriko dugu salgai, eta kontzertuetan ere erosteko aukera izango da.
Aste honetan bertan atera duzue bideoklip berria. Bitxia izan da egitasmoa, ezta?
Diskoa aurkezteko bideoklip bat egin nahi genuen, baina denboraz ez genbiltzan ondo eta ideia alde batera utzi genuen. Kasualitatez, konfinatuta geundela, kuadrillako batek etxean egindako bideo bat bidali zigun. Kaleko irudiak ziren, time lapse teknika erabilita osatutako bideoa zen. Gustatu egin zitzaigun ideia, eta lagunak animatu genituen beren etxeetan bideoak egitera. Horiek bidalitako bideoekin osatu dugu bideoklipa; bizpahiru egunetan egin genuen. Asko pentsatu gabe egindakoa izan da.
Itxialdi honek balio du sormena lantzeko...
Bai. Pentsa, jendeak oraindik bideoak bidaltzen jarraitzen du!