Azken kalanbrea

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mai. 26a, 07:30

Wali,

Musika garratzagoa, tristeagoa izan daitekeela diozu bizi dugun egoera honen ondorioz, itxialdiak gugan eragin dituen ustezko aldaketengatik. Ados egon ninteke, bai. “Malos tiempos para la lírica” abesten zuen Golpes Bajos taldeak orain ia 40 urte (bai, adinean aurrera goaz...).

Ados egon ninteke diozunarekin... musika hori entzungo banu. Baina, terrazetan gin-tonikek topa egiterakoan ateratzen duten kakofoniak estaltzen dit musika hori, melodikoa edo zaratatsua izan, tristea edo alaiagoa. Edo agian horixe da ateratzen zaigun musika, beirazko bi edalontzik elkar ukitzean ateratzen duten soinua; orain bi hilabete genuen musika bera, aldaketarik gabe.

Eskolako liburutegitik ez, irakurzaletasuna nire kasuan etxetik datorkit. Betidanik izan ditugu liburuak etxean. Ez dut gogoan, baina pentsatzen dut hasiera hartan etxean zeuden liburuak irakurriko nituela, Verne eta Agatha Christierenak-eta; eta baita Xabier Gereñorenak ere. Baina, bai, gero bakoitzak bere bidea hartzen du, eta nire kasuan, literaturari dagokionez, petrolioa baino beltzagoak diren autoreak eta liburuak gustatu zaizkit. Literatura nordikoarena ez naiz ni oso zalea, baina Maj Sjöwall eta Per Wahlöö idazleek 1965 eta 1975. urteen artean atera zituzten hamar liburuak gomendatzen dizkizut. Hortik aurrera, Eskandinaviatik datorrenetik ezer gutxi gustatu zait. Hori bai, Fincherrek pelikula galanta egin zuen Larssonen trilogiako aurreneko liburuan oinarrituta.

Dicken istorioa edo ipuina ederra izanda ere, eta hala da, inongo zalantzarik gabe, azken aldian fikzioak aspertu egiten nauela esan behar dut; gehiago asetzen naute dokumentalek, erreportaje luzeek edota kronikek. Deformazio profesionala ote? Horregatik, bizi dugun egoera irudikatzeko, Cuarónen edo Gilliamen pelikula distopikoak baino, Asian izandako tsunamiak etortzen zaizkit burura. Irudiak ikusiko zenituen: lehenbizi itsasoak atzera egiten du hondartza edo harraldea agerian utziz ­–itxialdian gaude eta ezin gara kalera atera, eta gutxiago terrazetara–: handik denbora batera lehen olatua dator –kutsatuak, hildakoak, baina oraindik ez gara gertatzen ari denaren oso kontziente –; eta gero, atzetik, ur masa erraldoiak kolpatzen gaitu. Eta horrek ematen dit beldur galanta; ez birusak berak, birusaren ondorioz etorriko den krisi erraldoiak emango digun jipoiak, baizik. Kontua ez da izango berriro etxean gorde beharko garen, hori izango da gutxienekoa; nola aterako garen, baizik. Izango al dugu lanik? Eta gure ingurukoek? Nolakoa izango da gure bizitza? Sanchezek zioen “normaltasun berri” hori ere ahaztuko ote dugu? Beldur naiz hor ez dugula musikarik izango; ez onik, ez txarrik; ez goxorik, ez garratzik. Tsunamiak utziko duen isilunea eta, akaso, bueltaka izango ditugun putreen karrankak izango dira gure etorkizunaren soinu banda. Hori esanda, beste abesti bat etorri zait burura: Los Enemigosen “El gran calambre final”.

Aurrekoan ere hortaz aritu ginen, hemendik desberdinak aterako garela, beste balio batzuekin. Antzerako iritzia zuen alkateak egin nion elkarrizketa batean. Ez dakit ba... Hala pentsatu nahiko nuke, baina ez dakit. Zure aurreko gutunean optimistakoa sumatzen zintudan. Susmoa daukat aurreko bi hilabeteotan pasatako hori askok ahaztu dutela/dugula dagoeneko, eta behin hondartzak zabaltzen dituztenean, bizipen horiek burmuineko biltegi batean geratuko direla, urte hasierako asmoekin batera.

Optimista naiz, baietz?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide