Izarra izan nahi ez duen musikariaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko ira. 26a, 09:15

Ez naiz biografiak irakurtzearen oso zalea, eta oraindik gutxiago autobiografiak badira. Hala ere, irakurtzen ditut, beti ere nire zaletasun batekin lotutakoak badira. Ze, demontre, nork irakurri nahi du futbolari baten edo golflari baten biografia bat. Edo, okerrago, benetan ba ote da inor Miguel Angel Revillaren liburu bat irensteko gai dena?

Musikarien, zinemagileen edo kazetarien biografiak irakurtzen ditut. Azkena Wilco musika taldeko buru Jeff Tweedyren autobiografia izan da: Vámonos [Para poder volver]. Acordes y discordias con Wilco, etc. Orain hilabete dezente izan nuen liburu honen berri sare sozialen bidez. Eta nahiz eta Wilcoren jarraitzailea izan naizen, edo, hobe esanda, naizen, paso egin nuen: ordura arte entzundako azken bi diskoak ez zitzaizkidan batere gustatu, ezta bakarka atera zuen diskoa ere. Talde honekin nuen maitasun historia amaitu ote zen? Inspirazioa agortu ote zitzaion Tweedy jaunari? Hala jarri nuen sare sozialetan, eta erantzuna berehalakoa izan zen: entzun azkeneko diskoa. Eta hala egin nuen, eta baita berriro taldearekin maitemindu ere.

Liburua, baina, ahaztuta nuen... abuztuan Zarauzko Garoan ikusi nuen arte. Erosi nuen, opor pandemiko hauetan irakurri dut, eta baita gozatu ere. Rock izarren ohiko biografietatik ihes egiten duen liburua da, zorionez. Hemen ez daude mozkorraldi galantarik –alkoholismoa erraietaraino sartuta duen familia bateko kidea da Tweedy, eta 23 urterekin utzi zion edateari–, hoteletako gelen txikiziorik –biratan beste musikarien edo kontzertu aretoen jabeen egongeletan lo egiten zuen Wilcok izen pixka bat hartu zuen arte–, ezta glamourrik ere: Grammy sarietako galetara joatea gorroto du; 2005ean rock alternatiboko disko onenaren saria eman ziotenean ez zen jasotzera agertu ere egin, biran zegoelako.

Estatu Batuetako barrualdeko hiri txiki batean jaioa –Belleville, Illinois–, halako leku batean hazi eta heztearen inguruko xehetasunak ematen ditu. Familia harremanei ere garrantzia handia ematen die orri hauetan, eta baita txikia zenetik izandako osasun arazoei ere: krisi emozionalak, migrainak, paniko atakeak... Lasaigarrien adikzioa izan zuen urte askotan, eta horri kapitulu oso bat eskaintzen dio. Adikzio hori izan zuen garaian atera zituen bere disko ezagunenak, eta, nire ustetan, onenak: Yankee Hotel Foxtrot eta A ghost is born. Zer ikusirik izan ote zuten drogek disko hauen sorkuntzan? Tweedyk ezetz dio: artista drogazale eta torturatuaren mitologiarekin hausten du liburuan; kontatzen duen moduan ez, historia ez da batere glamourosoa.

Eta noski, musikaria izanda, musikak bere lekua du. 1980ko hamarkada amaieran sortutako Uncle Tupelo taldearekin izandako ibilbide labur bezain probetxagarria –talde honekin ezagutu nuen Tweedy, 1994an atera zuen laugarren eta azken diskoarekin: Anodyne–, orduko lagun eta taldekide Jay Farrarrekin izandako harreman zaila –biak ere pertsonaia barnerakoiak eta ‘arraroak’ ziren edo dira–, eta taldearen amaiera tristea. Hilabete gutxira sortu zuen Wilco, eta horrekin bai, arrakasta izan du Tweedyk. Hala ere, bidea ez da erraza izan, eta diskoetxeekin –Interneten disko bat doan zintzilikatzen lehenetakoa izan zen– edo taldekide jakin batzuekin izandako arazoak kontatzen ditu. Irakurritakoaren arabera ez da pertsona erraza, ezta rock izar bat ere. Izar bat izan nahi ez duela ere agerian uzten du.

Zorionez, eta hau musikaria ez naizelako diot, ez da abestien kontu teknikoetan sartzen. Gutxi inporta izaten zait abesti jakin bat do-re-mi edo auskalo ze klabetan konposatuta dagoen. Halako kontuetan ez da hasten idazlea, eta hori eskertzen diot: kasu honetan ez nuen liburua diagonalean irakurri nahi...

Bitxia, liburua irakurtzen egon naizen denboran ez dut jarri bere disko bat bera ere, ez Wilcorenik, ez Uncle Tupelorenik, ezta bakarkakorik ere. Giant Sand, Richard Thompson, Matthew Sweet edo Pettiren musikarekin lagundu dut irakurketa saioa. Hori bai, liburua amaitu eta berehala taldearen azken diskoa jarri nuen: Ode to joy. Eta ondoren Yankee, A ghost... Gozamena garai pandemiko hauetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide