Amuak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko urr. 29a, 07:00

Atezain automatikoaren txirrina ozen entzun da etxean. Nagiak atera, sofatik altxa eta mantso-mantso hurreratu naiz atera. Oporretan nago, eta presek ez dute lekurik une hauetan; pandemikoak, maskaradunak, baina oporrak dira azken finean, eta asegururen bat saltzera datorren pelma horietako bat bada, zain egon daiteke eguzkipean, ez diot eta atea zabalduko.

- Bai?

- Pakete bat Juan Luisentzat.

Hor desagertu dira nagiak. Atea ireki eta han nago, urduri, banatzailea noiz helduko zain, Antena 3eko telefilmetako txakur txikiak jabea noiz etorriko zain egoten diren bezala, salto txikiak eginez. Atea itxi aurretik kartoizko kaxa zabaltzen ari naiz jada, presaka, minutu bat zain egoteagatik kaxa barruan dauden produktuak autosuntsituko balira bezala. Eta bai, han dira bezperan eskatutako bi diskoak, biak ere talde berarenak, berri-berriak, berrargitalpenak, bakoitza bigarren disko batekin eta edizio originalek baino sei edo zazpi kanta gehiagorekin. Azalak begiratu ditut, kontrazalak begiratu ditut, ertzak begiratu ditut. Dena ondo; gustura nago egindako erosketarekin. Biba kontsumismoa! Edo ez. Ze, neuronak dantzan jarri zaizkit. “Esango nuke disko hau badudala...”. Eta ez, ez naiz ari CDan orain urte batzuk erositako bertsioaz; binilokoaz baizik. Han jarri naiz orain pare bat hilabete ordenatutako disko bilduma arakatzen, eta bai, nola ez, han aurkitu dut disko horren beste bertsio bat, berri-berria oraindik, ez taldeari gordetako txokoan, baldetako beste leku batean, baizik. “Mek...”, hasi naiz biraoka. “Beno, honek beste sei abesti ditu bigarren disko batean”. Hasi naiz neure burua engainatzen. Bizpahiru minututan desagertu da haserrea.

Ze, halakoak gara bildumazaleok, disko bera behin eta berriz erosteko gai garenak. Eta horretarako, gu engainatzeko, eta zinez diot horretarako jakituria handirik ez dela behar, amu desberdinak erabiliko dituzte. Lehen aldiz 180 gramoko biniloan! Banoa. Lehen aldiz 200 gramoko biniloan! Emmm, beno, bale, banoa orain ere. Orain lau abesti gehiagorekin, eta gainera koloretako biniloan! Hori seguru nahi dudala, banoa! Hala, disko beraren hiru kopia izan ditzakegu gure bildumetan inongo kontzientziako harrik gabe.

Bildumazaleok gai gara disko bat erosteko, nahiz eta jakin zeharo txarra dela, eta, ziur aski, inoiz ez dugula entzungo: talde baten jarraitzailea izanda, haren DENA nahi duzu, tartean denek gorroto dugun gauza hori badago ere. Eta bai, baditut halako batzuk. Baditut, baita ere, talde batzuen ez dakit zenbat bilduma. Batekin nahikoa eta gehiegi izan daiteke, baina hirugarren honetan orain arte argitaratu ez duten abesti bat doa. Ondo pentsatuta, zerbaitengatik ez zuten abesti hori argitaratuko bere garaian... Hori jakinda, ikasiko ote dugu? Ez horixe.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide