Fadoak abestu izan ditu Berasartek urte askotan, eta horiekin egin da ezaguna; baina, estilo gehiago ere landu ditu bere ibilbidean zehar, eta horiek guztiak uztartu nahi izan ditu Lurra eta bidea izeneko proiektu pertsonalean. Bere euskal sustraiak erakuste aldera sortu du proiektu hau, baina urte hauetan guztietan abestutako estiloek edota abestiek ere badute lekua. Hala, euskaraz abestutako kantak jaso ditu, baita portugesez edota gazteleraz kantatutakoa ere. Fadoak eta bossa nova; jazza, tradizioa eta abangoardia dira errezeta honetako osagaiak. Fadoak abesten diren Lisboako taberna batera eraman gaitzake bere ahotsak, baina baita doinu zaratatsuagoak eta astunagoak entzuten diren rock aretoetara edo auditorioetara ere. Proiektu honekin, Berasarte ez dago hain urrun tradizioa eta modernitatea lotzen dituzten beste proposamen batzuengatik.
Emaitzaren arrakastan zer ikusi handia du Berasartek berekin daraman taldeak. Joseba Irazokiren gitarrek abeslariaren ahotsa jantzi bakarrik ez, lilurara ere eraman gintuen une batzuetan. Igor Telletxeak, berriz, ez zuen arazorik izan erritmo eta estilo desberdinetara moldatzeko. Atzoko kontzertuan Kalakan taldeko Jamixel Bereau ere igo zen oholtzara. Xalbadorren olerki bat irakurri zuen lehenbizi, eta bere perkusioarekin eta ahotsarekin Laboaren errepertorio amaigabean zehar egindako paseo hipnotikoaren parte ere izan zen, Xoxo beltzaren moldaketan. Kontzertuko une azpimarragarrienetakoa izan zen hau emanaldiaren amaierarako utzitako Luis Eduardo Auteren Al albaren bertsioarekin batera. Morentek Lagartija Nickekin egindako kolaborazioaren oihartzunak entzun zitezkeen azken abesti honetan, baita Silvia Perez Cruz eta Raül Fernandez Miróren granada diskokoak ere.
Halako une intentso baten ondoren, bossa batekin amaitu zuen kontzertua hirukoak. Ordurako entzuleak harrapatuta zituen abeslari donostiarrak.