Eta Aznar bizirik...

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 21a, 11:00

Roger Corman 'Bloody Mama' filmeko grabazioan.

Ekaineko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da hau.

Igande goiza. Jaieguna ia gehienentzako, laneguna niretzako. Apenas egin dudan lorik eta buruko min galanta daukat. Gau txarra pasatu dut eta ez prezisamentean bezperan garagardo gehiegi hartu ditudalako: jakinda goizean goizetik lana nuela, zerbeza bakarra edan nuen etxera bueltatu aurretik. Eta han nago, kafe taza eskuan, ordenagailuan prentsa irakurtzen, eguneko WhatsAppeko lehen mezua heldu zaidanean. Goizeko 9:00ak ere ez dira oraindik eta igorlea Borja da, Kabiko laguna. Marmarrean hastera noa pentsatuz orain ere asteburuko argazkiren bat bidali didala: Burgosen da lagun taldea, eta larunbatean The good, the bad and the ugly filmeko eszena ezagunenetakoa errodatu zuten Sad Hill hilerriko argazkia bidali zidan. Baina ez, Roger Corman zinemagile eta ekoizle estatubatuarra hil dela dioen txio baten pantaila irudi bat bidali dit mezularitza zerbitzu horren bidez.

-Jode, honek min egin du –esan nion.

-98 urte. Siñatuko nizkin nik e –bere erantzuna.

Askorentzako ezezaguna, pertsonaia mitikoa da zinema munduan. B filmetako erregea, 50 filmetik gora zuzendu zituen –horietatik bederatzi urte bakarrean, 1957an–, eta ia 500 ekoiztu. Beste askoren artean, Coppola, Scorsese edota James Cameron zuzendariei filmak egiteko lehen aukerak eman zizkien, eta horrekin nahikoa ez, eta bere enpresaren bidez Bergman, Fellini, Kurosawa edo Truffauten lanak banatu zituen Estatu Batuetan.

Bere filmak maite nituen, eta oso gustuko ditut oraindik ere. Bildumazalea izanik, VHS bideotan grabatzen nituen –oraindik ez zegoen DVDrik eta streamingeko zerbitzuak ezagutzeko hamarkadak falta ziren– garai batean telebistan ematen zituzten filmak. Gaueko ordu txikitan ematen zituztenean, American International Pictures ekoizpen etxearen zigilua atera arte egoten nintzen esna, rec botoiari eman eta ohera joateko. Hurrengo egunean ikusten nituen film horiek, ia zeremoniaren bat izango balitz bezala: ordubete eskas irauten zuten zientzia fikziozko zuri-beltzezko film merkeak, eta, aurrekontu eskasa izanda ere, aurrekoekin alderatuta superprodukzio erraldoiak ziruditen Edgar Allan Poe-ren kolore biziko egokitzapenak. Auskalo zenbatetan ikusi nituen azken film horiek, baita denborarekin DVDan erosi ere. Nola egin nituen ehun film Hollywooden eta ez nuen inoiz sosik galdu izeneko liburua ere atera zuen eta, asmatu duzue, hura ere eskuratu nuen. 

Nire tristuran, zera idatzi nion Borjari:

-Ta Aznar bizirik...

Eguraldi goibela, animo aldetik baxu, Roger hilda, Aznar bizirik, banoa lanera hemen zerbaitek huts egin duen sentsazioarekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide