Zinemaldia, Mugi eta kolorinak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2024ko ira. 9a, 16:00

Donostiako Zinemaldiko akreditaziodunen mugikortasuna hobetzeko aurrerapausoak emango dituzte azaldu dute gaur. Baina, Gipuzkoako herrietatik Donostiara filmak ikustera joaten garenontzako hobekuntzarik izango ote da garraio zerbitzu publikoetan?

Urteak daramatzat gai beraren inguruan lata ematen: zergatik jartzen dituzte tren eta bus zerbitzu bereziak jai eta festetako joan-etorrietarako, edo Realaren partidetarako, eta ez Donostia Zinemalditik edo Jazzalditik etxera itzultzeko? Kultur jarduera horietara joaten garenok ez al dugu merezi gauetan autobus bat edo beste jartzea etxera bueltatzeko, jakinda kontzertu edo saio batzuk gauez izaten direla? Ez al da irrigarria –are gehiago uda sasoian– Donostiatik itzultzeko azken trena gaueko 10ak aldera izatea? Ez al gaitu horrek behartzen auto pribatuak erabiltzera?

Bada, hor nenbilen bihar egunkariko orria osatzen eta Kontxari buruzko 26. (edo 53.a ote?) artikulua idazten, burua arintzeko sare sozialetatik buelta bat eman dudanean. Masokista izan behar du batek, bai. Han, Zinemaldiko kontu ofizialean, jaialdiko zuzendari Jose Luis Rebordinos eta Azahara Dominguez diputatua agertzen ziren txio batekin egin dut topo. Biak ere Mugi txartel erraldoi batekin agertzen dira. Eta hor pentsatu dut, "ostras pedrin! aber behingoagatik kasu egin diguten eta autobus/tren zerbitzua indartu duten Zinemaldira joan ahal izateko".

Bada... ez. Oharrean irakurri daitekeenez, "akreditaziodunen mugikortasuna hobetzeko eta haien karbono-aztarna murrizteko" helburuarekin heldu dira Zinemaldia eta diputazioa Mugi txartela erabiltzea sustatzeko akordio honetara. Hau da, jaialdia hasi baino bost egun lehenagotik lepotik txartela zintzilik dutela tabernaz taberna ibiltzen diren pertsona horien mugikortasuna hobetzea ote da helburua? "Eta eskapulariorik ez daramagunona?", galdetu diot nire buruari. Oharrean aurrera eginda, irakur daiteke Zinemaldira datorren edozein bisitariri zuzendutako kanpaina dela. Inon ez dio, baina, milaka lagun biltzen dituen jaialdi honetarako joan-etorriak errazteko zerbitzuak indartuko dituztenik.

Uda sasoian ere agerian geratu da gero eta jende gehiagok erabiltzen dituela trenak eta autobusak, esaterako, Donostiara joateko. Zergatik gastatu gasolinan, autobidean eta aparkalekuetan, trenean edo autobusean joan zaitezkenean? Erabiltzaile kopuruak gora egin izanak badu bere alde txarra eta da tren eta autobus horiek topera doazela eta ordu jakin batzuetatik aurrera ez dagoela zerbitzurik. Horregatik, ia denok ados bagaude zerbitzu publikoak erabiltzeko abantailak besterik ez dituela ekartzen, zergatik ez oraindik gehiago indartu eta erabilera erraztu?

Oso ondo dago Mugi txartela ateratzeko aukerak izatea Kursaalen, Mugi txartela kargatzeko aukera izatea bertan, Mugiren photocall bat egitea edo Mugiren merchandisinga banatzea, baina, mugikortasuna hobetzea eta karbono-aztarna murriztea, eta garraiobide publikoak indartzea badira helburuak, ezin al dute justu horixe egin, zerbitzu publikoa indartu ordu jakin batzuetan, hala autoaren erabilpena eta karbono-aztarna gutxituz? 

Betiko galderak, betiko erantzunak. Banoa Kontxarekin jarraitzera, estriborra eta baborra zer den dagoeneko jakinda, ea egunen batean ulertzen dudan zer den espaldababor bat.

PS. Harrigarria da politikari batzuei zenbat gustatzen zaien kolorinetan ateratzea. #denisstyle

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide