IRITZIA

Zaindu beharrezkoa duzun hori

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2024ko urr. 19a, 09:00

Zuopa plataformak abuztuko Euskal Jai egunean egin zuen manifestazioko irudia. (Juan Luis Romatet)

Iraileko Zumaiaguka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. 

Norbaitek pentsa dezake ea zer egiten duen mozolo honek atal honetan idazten, hemen kontu serioez hitz egiten denean. Zin degizuet ez naizela nire zaletasunez arituko. 

Egon, egongo da jendea medikuarengana gogotsu joaten dena. Ni ez naiz horietako bat. Benetan gaizki egon behar dut anbulatoriora joateko eta, joaten banaiz, familiarteko batek bultzatuta joango naiz, ez nire gogoz. Zergatik mania hori? Akaso matxuratuta jaio nintzelako? Agian nerabezaroko lehen urteetan ere sarritan Donostiako Gros auzoko osasun zentrora joan behar izan nuelako? Ez dakit, baina makina bat urtez egon nintzen sendagile bat bisitatu gabe, duela urte batzuk, zaborra ateratzerakoan, txirrist egin eta eskumuturra izorratu nuen arte. Hala ere, eskuturra more kolorekoa ez, ia beltza nuenean joan nintzen anbulatoriora. Daniel Sanchez-Arevaloren debuteko filmak dioen bezala, AzulOscuroCasiNegro. Ezin tentazioari eutsi... 

Bada, gauzak erabat aldatu zitzaizkidan iazko maiatzean. Lurrean botata aurkitu ninduten etxean igande arratsalde batean. Auskalo zenbat ordu neramatzan horrela. Egun bat? Bi? Ez dakit, ez naiz kontziente; egun horiek ez ditut gogoan, ez aurreko astea ez ondorengo egunak ere. WhatsAppeko mezuak erantzuten ez nituelako etorri zitzaizkidan etxera bila. Panorama ikusita, larrialdietara deitu eta han eraman ninduten anbulantzian Donostiako Ospitalera. 11 egun egin nituen erietxean eta, anai-arrebek esanda –nire burua ez zegoen mundu honetan–, mila eta bat mediku proba egin zizkidaten han igaro nituen egunetan. Asteazken goiz batean alta eman zidaten, eta etxera bueltatzeko aukera izan nuen.  

Hor bigarren zatia hasi zen. Medikuek bazekiten nola aurkitu ninduten, analisiek zer emaitza eman zituzten, ospitaleko egun horietan nola portatu nintzen. Hori guztia bazekiten, ez ordea, zerk eragin zuen katastrofea. Eta hor etorri ziren neurologoarekin eta erreumatologoarekin zitak, traumatologoarekin, dermatologoarekin, familia-medikuarekin... Inor ez da gauza izan jakiteko zer gertatu zitzaidan. Arrazoi fisiko guztiak alde batera utzita, psikologikoak bakarrik geratzen ziren: estresagatik krak egin nuen eta, logikaz kanpo badago ere, gorputzak nahikoa zuela erabaki zuen. Horretan ere berezia izan behar hemengo honek. Albo-ondorioak, zorionez, ez ziren oso larriak izan. Egun haietako pasarteak ez zituen nire burmuinak erregistratu. Eskuin besoan, berriz, eskumuturretik behatzetarainoko nerbio sistema erabat desegin zitzaidan, eta berriro hasi behar izan zuen. Horretarako errehabilitazioa egin behar izan nuen: 39 saio izan ziren. Gaur egun, oraindik ere inurridura sentitzen dut behatzetan. 

Antena 3-ko telefilme bateko kontakizuna dirudien hau zertara datorren? Bada, familiartekoek lehenbizi eta osasungintza publikoko langileek ondoren –sendagileek, erizainek, laguntzaileek, anbulantzia gidariek, garbitzaileek, denek– salbatu nindutela. Horiengatik ez balitz, agian ez nintzatekeelako egongo hemen hau idazten. Esker ona besterik ez dut pertsona hauentzako. Horregatik, ikusteak altxorra izan den osasungintza sistema publikoak zer gainbehera izan duen azken urteotan, Ruper Ordorikaren abesti bat parafraseatzera eramaten nau: zaindu beharrezkoa duzun hori.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide