Aurrez ere izan da Ruper Ordorika Zumaiako agertokietan. Musikariak berak atzo Aita Mariko eszenatokian gogoratu zuenez, mojak zeuden leku batean jo zuen behin, "areto luze batean", baita Aita Marin bertan ere –1990eko hamarkada hasieran Foronda kultur etxean ere izan zen, orduan, Hiru Truku proiektuarekin–, baina kontzertu horiek aspaldi izateaz gain, orduan taldearekin igo zen eszenara. Atzokoan, berriz, bakarkako kontzertua eskaini zuen Ruperrek: hiru gitarra eta mikrofonoa besterik ez zituen izan lagun Zumaiako aretoan. Aspaldian herrian egon ez delako edo haren zaleak bere abestiak entzuteko gogotsu zeudelako, Aita Mari leporaino bete zen; egun bakarrean egortu zituzten sarrerak.
Iluntzeko zortzirak pasatxo zirela azaldu zen oñatiarra agertokira. Bakarka arituta, batzuentzako handi gera daiteke antzoki bateko eszenarioa. Ez zen izan hori Ordorikaren kasua. Ia ilunpean, argi sotil batzuen laguntzarekin, bere ibilbidearen errepasoa egin zuen, edo, txiste txarra eginda, Rupertorioan zehar egindako paseoa eman zuen, modu intimoan, etxeko egongelan kantuan izango bagenu bezala. Bere abestiak kaleko negu giroari aurre egiteko erremedio bihurtu ziren.
Azken urte hauetan Bakarka eta Bakarka bi diskoak atera ditu Ruperrek, eta han jasotako abesti ezagunen bermoldaketak zuzenekora eraman ditu azken aldian. Joseba Sarrionaindiaren testuan oinarritutako Martin Larralde ezagunarekin hasi zuen saioa, eta ondoren bidaia batean murgildu zen, bai espazioan (Andaluziako hegoaldetik ikusitako Tangerreko argiak gogoratu zituen Nor da?-n, edo Kubara egindako bidaia Bugainbilen usaina abestian), baita denboran ere, 1970eko hamarkada amaieran Bilbon bizi zen garaira arte (Bernardo Atxagak Etiopia liburuan jasotako poema batean oinarritutako Fas fatum). Literaturari beti egin dio tartea oñatiarrak, eta horren beste adibide bat izan zen Dionisio Cañas gaztela-mantxatarraren testu batean oinarritutako Zerutik gertu ez da ondo egoten. Aipatzekoa da, baita ere, emanaldi osoan zehar Ordorikak gitarrarekin erakutsitako trebezia.
Ez ziren falta izan zaleek hain gogokoa dituzten Ene begiek (hau ere Sarrionaindiaren testu batean oinarritutakoa), edo ia amaierarako gorde zuen eta akaso bere abesti ezagunenetako edo himno bihurtu den Zaindu maite duzun hori. Bukatzeko, ordea, Etxahun-Iruri zuberotarraren Ama Euskadi gorde zuen. Kantari ekin aurretik bromatan aritu zen entzulegoarekin: "Espero dut ez dela zuberotarrik hemen izango".
Eta azaldu zen bezala utzi zuen agertokia, umil, bertaratutakoei eskerrak emanez eta trikitilarien esamolde bat berreskuratuz: "Deitu berriro etortzea nahi baduzue".