Zumaiako alkateak bere gustuko ez diren mural, pankarta eta kartelak zentsuratzeko erabakiaz Euskadi Irratian zioen gisan: "Zumaia turismoari begira jarri den herria da eta garbitasunaren faktorea garrantzitsua da". Kanpotik datorrenaren* ustezko nahiak asetzeko kalea kontsumorako erakusleiho bilakatzeko pausuak ematen ari dira ziztu bizian.
Ekuazio horretan herritarrok eta herritar taldeak soberan gaude. Herriko sexu erasoak salatzen duen pankarta? Kanpora. Herriko musika taldeen kartelak. Kanpora. Porlan artean jaiotako baratzeen berri emateko murala? Kanpora. Diru gehiago lortzeko asmoz jarritako Holandako multinazional baten ikurra? Barrura. Izan ere, mota honetako agintarien begitara, herritarrok eta herriko eragileok kalean egiten duguna “zikina” omen. Publizitateak, aldiz, dotoretzen ei du ingurunea.
Ikuspegi elitista hori ondo baino hobeto islatu du diru eta espazio publikoz lepo lagundutako Donostiako Heineken Jazzaldiak. Hiriburuko txokoak horrela berrizendatu dituzte: Heineken terraza, Coca-cola gunea, Frigo gunea, Skoda gunea, Fnac gunea... Kalean herritarrak ikusle nahi gaituzte, inolaz ere ez protagonista.
Berreskura dezagun guztiona dena, eta zabal ditzagun bideak denon artean erabakitzeko zeintzuk diren adierazpen askatasunaren eta kalearen erabileraren mugak. Guk ez badugu egiten, politikari sartutako enpresariek erabakiko dute denon izenean, baina lau pareta eta lau katuren artean.
*gurera poltsikoa beteta baldin badator, noski, kontrakoa ez baita "kalitatezko turismoa"