Ostalaritzako esplotazioari aurre egin

Ostalaritzako esplotazioari aurre egin kanpaina abiatu dugu Urola Kostan, hiru helburu nagusirekin: 1) sektoreko langileek jasaten dituzten eraso sistematikoak salatzea; 2) horiei aurre egiteko bidean, baliabide teknikoak sortzea eta ezagutzera ematea; eta 3) auziari buruzko diskurtsoak aztertzea eta lantzea.

Lan baldintza kaskarrak, behin-behinekotasuna, kontraturik gabe lan egin beharra, eskubideen urraketak… Betidanik izan dira ostalaritzako langileen egunerokotasuna ardaztu duten ezaugarriak. Hala ere, ukaezina da azken urteetako krisiaren eraginez eta, zer esanik ez, COVID-19ak sortutako testuinguruan, areagotu egin dela ezegonkortasun hori. Testuinguru horretan, agerian geratu da enpresari txikiek, kasu askotan, zailtasunak dituztela lehiakortasun kapitalistari erantzuteko, eta Estatuaren laguntzen esperoan, ikusi da enpresa guztiek ideia berdinaren baitan funtzionatzen dutela, hau da, ahalik eta irabazi gehien sortzearen logikan. Hori kontuan izanik, betiko formula aplikatu behar izan dute: lan-baldintzak okertu eta esplotazio-tasa handitu. Ondorioz, langileen egoera are gehiago kaskartu da, eta horien babesgabetasuna areagotu. Gainera, klase ertainak azken hilabeteetan “sektorearen defentsan” hedatutako diskurtsoak, hein handi batean, orain arte enpresariek zuten inpunitate erlatiboa handitzea eragin du, baita lan-baldintzen kaskartzea justifikatzea ere.

Hala ere, argi dago ostalaritzako langileen aurkako eraso bakoitzari modu isolatuan aurre eginez ez ditugula arazo sozial hori eragiten duten kausak edo arrazoi sozialak ezabatuko. Egunerokoan bizi ditugun gainontzeko problematiken antzera, ekoizpen eredu kapitalista gainditzen dugunean soilik desagertuko dira. Hori dela eta, abiatzen dugun kanpaina edo borroka guztiak norabide horretan kokatu behar ditugu, hau da, sozialismoaren eraikuntza prozesu bati lotuta. Hori baita kapitalismoari berezkoa zaion esplotazioarekin amaitzeko modu bakarra.

Helburu horri erantzuteko asmoz abiatu dugu Ostalaritzako esplotazioari aurre egin kanpaina. Kanpainaren bidez, ostalaritzako esparruan langileriak jasaten dituen hainbat eraso sistematiko seinalatuko ditugu. Horrez gain, eraso horiei aurre egin ahal izateko bidean ekarpena egin dezaketen hainbat baliabide tekniko sortu eta ezagutzera emango ditugu, kaltetutako pertsonei bitartekoak eskaintzeko xedearekin. Amaitzeko, ostalaritzaren sektorean hedatuta dauden diskurtsoak, nagusiki sozialdemokraziarena, aztertuko ditugu; gure iritziz, modu abstraktuan “sektorearen defentsa” aldarrikatzen duen diskurtsoak langileriak jasaten dituen erasoak eta esplotazioa zuritzen ditu. Horren aurrean, gure helburua da pixkanaka-pixkanaka langileriaren antolakuntzarako tresnak martxan jartzea eta esplotazio orori aurre egitea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide