Bizitzaren garestitzea gero eta zama handiagoa da langileon gainean. Oinarrizko produktuen prezioen igoerak, soldaten jaitsierarekin batera, egoera biziki larrian utzi du langile-klasearen zati handi bat. ‘Eskola itzulera’ horren erakusgarri garbia da, azken ikasturteetan prezioak etengabe hazi baitira.
Zehazki, eskola-materialaren prezioak % 8 inguru igo dira 2021. urtetik. Adibidez, paperezko produktuak % 23 igo dira, papergintzakoak % 5 eta testuliburuak % 12. Koadernoak, boligrafoak, estutxeak edo motxilak ere garestitu egin dira. Gainera, lehen aipatutako gastu guztiei garraioa, arropa, elikadura, eskolaz kanpoko jarduerak edo gailu elektronikoak gehitu behar zaizkie. Ondorioz, familien ia % 70ak dio inflazioaren gorakadak nabarmen eragingo diela. Horren guztiaren ondorioz, familien hiru laurdenek aurreko urteetako eskola-materiala erabiliko dute, edo beste ‘alternatiba’ batzuk bilatuko dituzte: bigarren eskuko materiala, adibidez. Zehazki, bigarren eskuko eskola-liburuei dagokienez, eskariak ez du etenik izan azken urteetan.
Testuinguru honetan, berebiziko garrantzia du bizi-baldintzen pobretze orokorrari aurre egiteko dinamikak eta borrokak abiatzea. Datozen asteetan Zumaian egingo dugun ikasmaterial bilketa ekimen horietako bat besterik ez da, langileon antolakuntza gaitasunak indartzea xede duena eta ekoizpen eredu kapitalista gainditzeko prozesura lotuta dagoena. Izan ere, egungo gizarte ereduarekin errotik amaitzea ezinbesteko baldintza da ongizate unibertsala lortzeko.