Azken asteetan Zumaiako anbulategian bizi dugun egoera horren adibide garbia da. Maiatzaren amaieran, osasun zentroko hainbat langilek salatu zuten bi mediku —hiru gaur egun— besterik ez zeudela lanean seik egon behar zutenean, eta eguneko ordu batzuetan sendagilerik ez zegoela sor daitezkeen larrialdietarako. Horrez gain, langileen gainkarga ere salatu dute ordutik, batez bestekoa baino dezente handiagoa baita mediku bakoitzak duen pazienteen kupoa.
Salbuespena izatetik urrun, Zumaiako egoera osasun zerbitzuen suntsitze progresiboaren adierazpen bat gehiago baino ez da. Era berean, suntsitze hori sistema kapitalistari berezkoa zaion krisiaren baitan kokatu beharra dago, eta ez alderdi baten edo bestearen kudeaketara mugatu. Izan ere, egun bizi dugun krisi testuinguruan inoiz baino ageriago gelditzen ari dira estatu kapitalistek guztion arreta kalitatez bermatzeko dituzten mugak. Hori horrela, osasun publikoaren gastuak murrizten dira, guztiz gainezka eta kalitatezko zerbitzu unibertsala emateko ezinduta dagoen sistema bezala utziz.
Eta, aldi berean, egoera hori baliatuz, enpresa pribatuek esku-hartu, zerbitzu hori merkantilizatu eta etekin ekonomikoak ateratzen dituzte, esate baterako, frogak aurreratuz, osasun arreta azkarragoa eskainiz… Hori guztia kobratuta, jakina. Langileriaren kapa zabalek, ordea, ez daukate gaitasunik zerbitzu hori ordaintzeko, eta horrek gizarte-desberdintasunak handitzea dakar: gutxi batzuek aukera dute ordainduta arreta azkarragoa lortzeko, langile-klasearen gehiengoa gero eta babesgabeago dagoen bitartean. Osasun sistema bera, ondorioz, baztertzailea eta gero eta mugatuagoa da, enpresa pribatuek langileriaren gaixotasunekin negozioa egiten duten bitartean.
Egoera honen aurrean, dei egiten dugu datozen egun zein asteetan Zumaian egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Ezinbestekoa baita osasun sistemaren kolapsoa, bertan lan egiten dutenen baldintzen kaskartzea zein langile-klasearen osasun arretarako sarbide mugatua salatu eta horri aurre egiteko antolatzen jarraitzea, langileon kontrolpean egongo den eta unibertsala eta kalitatezkoa izango den osasun sistema bat eraikitzera bidean.