Lortu dugu! Txartel berdea

Erabiltzailearen aurpegia Leire Barriuso 2019ko api. 1a, 10:16

2018ko uztaila zen Unescoko bi aditu etorri zirenean gure Geoparkearen ebaluazioa egitera. Hiru egun eman genituen bazter guztiak erakusten, azken lau urteetan egindako lorpenak azaltzen eta Geoparkean bidelagun ditugun entitate eta kide guztiak aurkezten. Urte erdi geroago, emaitza ofiziala da: 2022ra arte eutsiko diogu UNESCOren munduko Geoparke izendapenari. Lortu dugu!

Unescok aldarrikatzen dituen balioak, zientzia, hezkuntza eta kultura dira, hain zuzen ere, Geoparkearen estrategiaren zutabe nagusiak.  Horregatik da hain garrantzitsua guretzat UNESCOren Munduko Geoparke izaten jarraitzea, herritarrei giza garapenerako testuinguru egokia eskaintzeko eta bisitarien aurrean Unescoren aurkezpen gutuna erakusteko.

Zortzi urte igaro dira Munduko Geoparkeen Sarearekin bat egin genuenetik. Ordutik hona, Europan dauden Geoparkeen kopurua bikoiztu egin da. Gero eta zorrotzagoak dira kide izateko baldintzak eta ebaluazio prozedura horren ondorioz badira Sarea utzi behar izan dutenak ere.

Gure Geoparkea, berriz, urteak joan ahala gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, bai estatu mailan, baita nazioartean. Erreferente bihurtu gara hainbait arlotan, kudeaketa ereduan, geokontserbazioan, geoturismoan…, eta Hego Ameriketan bor-bor dauden geoparke proiektu eta hautagaitza asko gure ispiluan begiratzen dira, Geoparkearen irudia areagotuz. 

Urte gutxian bilakaera nabarmena izan dute geoparkeek, zalantzarik gabe. 2000. urtean lau lurraldek ekin zioten ondare geologikoan oinarritutako lankidetza proiektu bati, eta, ohikoa ez bada ere, proiektua eta finantziazioa bukatuta, hautagaitza berriek sarearekin bat egiteko eskaera egin zuten, lehendabizi Europan eta Asian ondoren, gaur egungo 140 lurralderen arteko sarea osatu arte.

2015. urtea mugarri izan zen, UNESCOk Geoparkeen programa onartu baitzuen. 70eko hamarkadatik UNESCO programa berririk onartu gabe zegoen. Biosferaren Erreserba izan zen azkena. Gaur egun, Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkea, Urdaibaiko Biosfera Erreserba edo Gizateriaren Ondare izendatutako edozein elementuren parekoa da, nahiz eta oraindik ezezaguna den askorentzat.

Pasa dira aste batzuk Unescok Txartel Berdearen emaitza ezagutzera eman zuenetik. Poz handia hartu genuen berria jasotzean. Bereziki, lau urtez gehiago Unescoren Munduko Geoparke izaten jarraituko dugulako, baina maila pertsonalean ere, poztu gaitu azken urteetan egindako lan gogorra errekonmozitzea delako. Geoparkearen inguruan lanean gabiltzan lantaldeak benetan sinesten dugu egiten ari garen horretan eta kanpotik datozen halako berrespenek indarberritu egiten gaituzte, pilak kargatzen dizkigute, gutxienez hurrengo errebalidara arte.

Lau urte ditugu aurretik erronka berriei heltzeko. Luze badirudi ere, jakin badakigu konturatu orduko epea gainean izango dugula, eta ezin dugu lo hartu. Lan egiteko modu honek beti aktibo mantentzen zaitu, proiektu berriak martxan ipini, abian daudenak errotu eta aliantza berriak topatzen emango ditugu datozen urteak.

2022an UNESCOk berriro ere bidaliko ditu gurera bi ebaluatzaile etxeko lanak egin ditugun ikustera. Gai potoloak ditugu esku artean, besteak beste, Geoparkeko barnealdearen garapena. Kostaldean ez ezik, barnealdean ere dinamikak sustatu nahi ditugu, ikerketa proiektuen bidez ezagutza areagotu, produktu berriak sortu, ekintzailetza bultzatu… bertako biztanleentzat zein bisitarientzat.

Ondarearen interpretaziorako azpiegituren hobekuntza ere premia bat da Geoparkearentzat. Eskuduntza zuzena ez daukagunean, beste administrazio batzuei lagundu, bultzatu edo zubi lanak eginez. Dibulgazioa da Geoparkearen nortasunaren ezaugarri nagusietako bat eta mezu horiek zabaltzeko baldintzarik onenak behar ditugu.

Datozen urteetan herritarren parte hartzea izango da proiektua errotzeko giltza. Herritarrak dira Geoparkearen benetako protagonistak eta eragileak; herritarren konpromisorik gabe herren geundeke.

Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Helburuei lotuta dago Geoparkearen estrategia eta marko hau izango da, hain zuzen ere, Geoparkearen ekimenak zuzenduko dituen agenda hurrengo urteetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide