Hitz egin dezagun ardurez

Zer da ardura? Nire ikuspuntutik, gure inguru sozialean betetzen dugun eta bete behar genukeen funtzioaren inguruko kontzientzia bizia geureganatzeko prozesua da pertsona arduratsu bilakatzea, eta, horren poderioz, gure testuinguruan esku hartzeko gaitasunak irabazten joatea. Hau da, ardurak kontzientziarekin, erabakimenarekin eta antolakuntzarekin lotuta egon behar luke ezinbestean.

Covid-19aren berragerpen kasuak biderkatzen ari zaizkigun honetan, “arduraz jokatzearen beharra” eta “gazteen arduragabekeria” bezalakoak entzun behar izan ditugu behin baino gehiagotan komunikabideen eta instituzioen ahotik. Ardura edo erantzukizun falta sumatzen dute gure partetik, ez omen gara “ongizate publikoarekin” konpromisoz jokatzen ari. Argi dago ordea bakoitzak ardura kontzeptuaren inguruan izan dezakeen ideiak zuzenean baldintzatzen duela gazteak arduraz jokatzen ari garen ala ez ondorioztatzea. Zer da ardura? Nire ikuspuntutik, gure inguru sozialean betetzen dugun eta bete behar genukeen funtzioaren inguruko kontzientzia bizia geureganatzeko prozesua da pertsona arduratsu bilakatzea, eta, horren poderioz, gure testuinguruan esku hartzeko gaitasunak irabazten joatea. Hau da, ardurak kontzientziarekin, erabakimenarekin eta antolakuntzarekin lotuta egon behar luke ezinbestean. Elementu horiek falta diren lekuan ardura eskatzea eguerdian ilargi bila ibiltzea bezalakoxea da.

Ikus dezagun nolakoa den gure harremana oraintxe bertan arduraren printzipio orokorrekin. Kontzientziatik hasita, pandemia osoan zehar oinarrizko informazio ugari ezkutatu egin zaigu eta babes neurrien inguruan bertsio kontraesankorrak luzatu dizkigute. Fenomeno baten dimentsio errealak ezagutzen ez baditugu, zaila da horren inguruko kontzientziarik garatzea. Bigarrenik, erabakimenari dagokionez, gauza nabarmena da hartu diren neurri politiko guztien artean bat bera ere ez dela gazteek erabakitakoa izan, inork ez du ezer kontsultatu gurekin. Horregatik, ez du inolako zentzurik guk hartu ez ditugun erabakiekiko atxikimendua exijitzeak, eta are gutxiago ardurak hartzeko baldintzak ukatzen zaizkigun bitartean arduragabeak garela esateak. Arduragabeak gara, bai, arduragabetu egin gaituztelako. Hirugarrenik, antolakuntzarekin lotuta: nola elkartuko dira kontzientzia eta erabakitzeko borondatea duten gazteak, tabernak ez diren leku guztietan biltzeko eskubidea mugatuta baldin badago? Arrazoiok ikusita, nire susmoa da ez dutela gaztedi arduratsua nahi, erabaki garrantzitsuak delegatzea eta obedientzia itsua baizik. Despolitizazioa eta utzikeria sustatzen duten horiek, ordea, beraien medizina propioa probatu dute biztanleriaren kolaborazioa eskatzea egokitu zaienean. Zer espero zuten?

Gasteizen duela gutxi bizilekurik gabe aurkitzen ziren 30 laguni sabaia emateaz arduratu ziren Etxebizitza Sindikatuko hainbat gazte. Los Herrán kalean hamar urtetik gora hutsik zeramatzan eraikinean sartu eta beharra zuten pertsonen eskuetan jarri zuten. Kontzientzia, erabakimen eta antolakuntza eredu paregabea, zalantzarik gabe. Baina badirudi ardura eske dabiltzan horiei ez zaiela gehiegi gustatuko gazteok kontu horietaz arduratzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide