Emakumeon etxea

Erabiltzailearen aurpegia Maria Alberdi 2019ko urt. 1a, 18:34

Zumaiarrok baditugu harro sentiarazi gaitzaketen askotariko arrazoiak, eta horien artean dago lerro hauetan kontatzera gatozkizuen horietariko bat. Izan ere, labetik atera berri dugu abenduko plenoan aurkeztu genuen Zumaiako Emakumeon etxea egiteko eskaera jasotzen duen dokumentua.

Aspaldikoak eta askotarikoak dira feminismoaren aldarrikapenetariko bat den Emakumeen etxea sortzeko, baita Zumaian bertan ere, egindako ahalegin eta pausoak. Herriko emakumeek, Berdintasun Foroaren bidez, topagune espazio bat izateko nahia eta beharra transmititu izan dute, une eta modu desberdinetan. Adibidez: Zumaiako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Planean, Udalak aurreikusita eta jasota du 2017an Emakumeen  Txokoa sortzeko konpromisoa. Berdintasun Planean ez ezik, 2015-2025 Plan Estrategikoa txostenean ere adierazi da Emakumeen Txokoa eratzeko borondatea. “Berdintasun politikak indartu” izeneko atalean 10.2. puntuak dio: “emakumeen ahalduntzea bultzatzeko espazioak sortzea”. Horrez gain, Plan Estrategikoko 10.9. puntuan, Berdintasun Planean adostutakoari jarraipena ematea itundu da; bertan, arestian adierazi den lez, emakumeen txokoaren sorrera 2017an xedatu zen.

Horrenbestez, eta horiek guztiak kontuan hartuz, Zumaiako Emakumeon Etxea zer den, zertarako den eta nolakoa izan beharko duen zehazteko prozesu irekiari ekin genion. Izan ere, argi eta garbi daukaguna da herritik datorren eta herriarena den eskaera bat dela etxea. Zumaian ere, emakumeok bizi eta sufritu egiten baitugu desabantailaz beteriko egoera erreal pila. Eta halakoxea izan zen saioen bidea ere; anitza eta hunkigarria. Horrelaxe, hitzez hitz, jaso dugu etxearen definizioa dokumentuan: “Zumaiako Emakumeon etxeak espazio dinamikoa eta irekia izan behar du, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea eta emakumeon ahalduntzea bultzatzea helburu dituena. Herriko emakume norbanakoentzako eta emakume elkarteentzako topagunea izango da (anitza, plurala eta askatasunekoa): ikasteko, prestakuntza eta informazioa jasotzeko; jabekuntza sareak sortzeko; emakumeen ahalduntzea, partaidetza eta presentzia sustatzeko; eztabaida eta gogoeta pizteko ikuspegi feministatik; indarkeria matxistarik gabeko elkarbizitza sustatzeko, era askotako aholkularitza: juridikoa, lan munduratzekoa, erregulartasun administratiboa, sexuala...”.

Beste irizpide asko ere agertu ziren, aho batez partekatutakoak; esate baterako, bistan eta eskura dagoen etxea behar duela izan; askotariko espazio anitzez gain, une gogor eta berezietarako espazio babestuagoak ere behar dituela izan. Baita laguntza eta aholkularitza profesionala ere eta abar. Eta eztabaida eta hausnarketa bideratu zuten gaiak ere izan genituen, noski; izan ere, patriarkatuak emakumeak baztertzeaz gain, beste talde asko ere baztertzen  ditu, eta, nola ez, patriarkatuaren indarkeriaren ondorioak jasaten dituen talde orok behar du bere lekua aurkitu etxe honetan. Etxearen gestioa ere gai nagusietako bat izan da. Etxeak bizia eta herrikoa behar badu, gestioak ere halakoxea behar baitu. Hortaz, argi jaso dugun beste oinarri nagusia da etxeak behar duen elkarlan eta parte hartze zabala izan da.

Beraz, beste pausotxo bat eman berri dugu desiratzen dugun Zumaiarantz. Eta azken hitz hauek baliatu nahi ditugu zuen laguntza eta parte hartzea eskatzeko. Gu indartsu eta ilusioz baikaude, baina lortu ezinezko desioa izango baita zuok guztiok gabe. Hortaz, erne, laster gaituzue eta Zumaiako Emakumeon Etxerako bazkide bila!!!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide