Udako egun bero bat, eguzkitako krema areaz nahasita azalean eta liburua esku artean. Halaxe nengoen orriotan azken iritzi artikulua idatzi nuenean, eta begi kolpe bakar batean igaro da urte erdia, iritsi zait negua. Berriz ere eguraldi ona eta horrek dakartzan plan guztiak iritsi arteko trantze gogaikarri bat besterik ez al da negua, ordea?
Gabonetako argien eta zorion zakuen atzean, hotzak, iluntasunak eta nostalgiak inbaditzen ditu askok neguan. Gabon garaiko gastuak, urtearekin batera amaitu beharreko eginbeharrak nahiz bakardadea oztopo bat gehiago izan daitezke bestela ere neketsua den urtarrileko aldapa deiturikoan.
Seme-alaben eskubaloi partida goiztiarrak ikustera doazen gurasoen kotxeek argitzen dituzte oraindik esnatu ez diren kaleak. Igandeetan mendi ibilaldiak egiteko kotxea partekatzen dute beste batzuek, aire izoztua masailetan sentitu bitartean barrua kirola eginez berotzen dutenak. Hainbatek, asteburuak Pirinioetan duten etxean igarotzen dituzte eskiatzera joanda. Eta negua epelean babesteko urtaroa izan arren, urteko gaurik hotzena kalean igaro behar izaten duenik ere bada.
Zuhaitzek hostoak galtzen dituzte, soroak itzali egiten dira, eta elur-geruza batek patxadatsu estaltzen ditu inguruko gailurrak. Hegazti migratzaileek hutsik utzi dituzte habiak. Haizearen xuxurlak baino ez du oihartzun egiten parajean.
Ni neu, natura bezalatsu, atseden hartzen ari naiz. Arimaren ispilu bilakatzen dira bazterrak, eta itxurazko lasaitasun horretan aukera ezin hobea aurkitzen dut neure baitara begiratzeko.
Kanpokoari so egiteko ditugun begiak barrura begira jartzea ariketa beldurgarria izan daiteke: norbere buruarekiko epaiak, zaurgarritasunak edo aldaketarekiko erresistentziak har dezake gure gogamena. Baina pentsamendu horiei neurria jartzen ere laguntzen du. Arnasa barrenagotik hartu ahala, txikitu egiten dira handiak eta gogorrak ziruditen arazoak. Batzuetan, desagertu eta korapilorik gabe gogoratzeraino.
Aitortu behar zaio neguari bere lekua eta bere existentzia: neguko hotzik gabe, ez genuke udako beroa hainbeste estimatuko.