IRITZIA

Motxila bete plan

Erabiltzailearen aurpegia Maria Maya Manterola 2024ko abu. 12a, 13:00

Uztaileko Zumaia Guka aldizkarirako Maria Maya Manterola kazetariak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Bakarrik bizi naiz, baina arropak gainezka egiten du sabairaino iristen den armairuan. Galtzak galtzen gainean ondo tolestuta dauzkat, eta saiatzen naiz tiraderetan kamisetak txukun mantentzen, Instagrameko lupan ageri zaizkidan trikimailu guztiak jarraituta. "Nola mantendu etxea txukun bost trikimailurekin". 

Zail egiten zait janaria alferrik ez galtzeko moduko erosketak egitea, eta apalak irakurri nahi ditudan liburuz betetzen ditut, horiek irakurri gabe gehiago erosten ditudan arren. 

Liburu dendetara sartzeko tentazioari ezin izaten diot eutsi, eta jakin-minez irakurtzen ditut hamarnaka libururen sinopsi laburrak, oraindik ere inork irakurri gabeko liburu berrien usainaz gozatzen dudan bitartean. Azkenaldian bizpahiru alerekin itzuli naiz etxera.

Etxean bakarrik ez: etxetik kanpo egun batzuk igaro behar ditudanean ere antzera gertatzen zait. Eguraldiaren iragarpena begiratuta ere, berdin: zira, azpitik janzteko jertse goxoa, eguzkitako krema, bikinia eta bisera. Ohartzerako, bete ditut motxila praktikoaren konpartimentu guztiak. Pizgailua eskura, kartera kanpoko poltsikoan, giltzak albo batean.

Bidaian garrantzitsua –kartera, pasaportea edota sendagaiak– izan daitekeen zerbait ahazteko beldurrak beharrezkoa ez dena hartzera narama, "badaezpada". Kremailera motxila gainean eserita itxi behar. 

Bestela ere badaukadan gauzak pilatzeko joerari ez dio mesederik egiten objektu horiekiko daukadan atxikipenak. Kostu handiko objektuak izan gabe, balio handia izan dezake behinola lagunak oparitutako giltzatako batek. Zer dira, bada, objektu pertsonalak, norbere historiaren lekuko isilak ez badira?

Udako oporretarako aste gutxiren faltan, egun bakoitza zukutzeko planak darabilzkit buruan. Kanpora egun batzuk; hemengoak planez beteta. Hango kontzertua dela, asteburu pasa mendira, Iruñeko sanferminak eta hamar eguneko bidaia konpainia onean, motxila soinean. 

Eta motxilarekin bezala, denborarekin ere gauza bera egiten ari naizela pentsatu dut: ahalik eta espazio-denbora gutxienean, objektu-esperientzia gehiena pilatzen, horrek zoriontsu egingo nauelakoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide