Atea zabaldu eta ezaguna den usain bat nabaritu dut. Astelehena da, edo asteazkena, edo osteguna, hala gogorarazi dit pauso bakoitzean egur-hots karraskariak eta hezetasunak. Erredakziora bidean naiz, Forondan. Lehen ere errutinarekin lotutako lekua zen niretzat eraikin hau: orain pintura tailerra egiten duten sarrera pareko gela horretan makina bat ordu igarotakoa naiz, lehengo liburutegian. Beti-beti ikasten ez; batzuetan eskola orduz kanpo lagunekin egoteko aterpe besterik ez zen izaten. Helduenek begirada liburutik altxatu eta imintzio egiten ziguten hatz erakuslea aho parera eramanda: "Ixoooooo!".
Alondegia eskola zeneko garaikoa naiz. Pareta zaharretan zeuden esekitokietako bakoitzak animalia baten pegatina zuela gogoratzen naiz: izan zintezkeen urtxintxa, untxia edo zaldia. Jolas orduan Amaiako plazara jaisten ginen, eta amaitzean atzera errotako izkinatik gora doazen eskaileretan barrena Alondegiko ikasgela zaharretara sartu.
Atzean utzi dugu gure (millennialon) Zumaia zaharra, aldatu dira txokoak. Baina duela hogei urte nekez irudikatuko genukeen leku batek eraman nau atzean utzi dugun herri hartara, ezagutu ez nuen Zumaiara.
Bizpahiru astez Emakumeon Etxean izan naiz amama Itzirekin. Zumaiako historia emakumeen gorputzetatik eta bizipenetatik jasotzeko saioak izan dira udazkenean zehar, Ez ahazteko gogoratuz izenburupean, eta gure amama ere animatu da, etxekoen zuri-beltzezko argazki zaharrak besapean.
Norbere burua aurkeztu ondoren, Zumaiako Fototekako argazkiak elkarrekin ikusteari ekin genion lehen saioan. Dantzariak, Amaia hoteleko zerbitzariak, arraina garbitzen jarduten zuten langileak, astoan azokara jaitsitako baserritarrak edota eskola haurrak. Diapositibak igaro ahala, argazkietan ikusitakoaz eta haietan ageri ziren pertsonez aritu ziren solasean mahai bueltan adineko emakumeak: "Hau hango etxeko alaba da", "hura oraindik ere bizi da" edo "horko hori ni naiz". Iraganak eta orainak bat egin dute etxe berri hartan.
Nire belaunaldikoontzat behe laino itxi baten parekoa da etorkizuna irudikatzea. Baina halako espaziorik izango al dugu Alondegiko pegatinez hitz egiteko amamak garenean.