Oraindik ere garbigailutik pasatu arren iazko santelmoetako pegatinen aztarnak dituzten kasaka urdinak aterako ditugu ilusioz armairu bazterretatik. Iritsiko dira kuadrillarekin elkartu, eta elkarren begizuloei begiratuta barre egingo dugun egunak, bezperako parrandaz ari garela. Eta lehen mozkorraldiak ere bai, gurasoek herriko festak direla eta seme-alabei etxeratzeko ordua pixka bat luzatuta.
Itsasertz honetan parranda gogotik egiten badakigu. Baina ez dira santelmoak izango itsasorik gabeko hondartza amaigabe hartan, Saharan. Eta elkartasunaz ere zertxobait badakigu zumaiarrok. Aldizkari honetako urtarrileko zenbakian Katixa Garciak eta Oier Iribarrek kontatu bezala, Zumaiako dozenaka ikaslek Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaiatuko dute aurki Darahli elkartearen eskutik.
Espedizioa apirilaren 11tik 19ra izango da, eta egiteko ugari izango dute han, Zumaiarekin senidetutako Zug herrian: familiei banatzen zaizkien laguntza ekonomikoen proiektua; Lehen Hezkuntzako ikastetxerako tailer didaktikoak sortzea; jostailuak, ikas materiala eta irakasleentzako materiala eramatea... Gainera, eskolako eraikina kanpotik konpontzeaz, argindarra indartzeaz eta abarrez ere arduratuko dira. Haurtzaindegian, berriz, haurrentzako parkea eraiki nahi dute, eta eraikina kanpotik konpontzeko materiala eramango dute. Bidaiak gazte euskaldunak Saharako gatazkarekin sentsibilizatzeko balio dezan ere nahi dute, bide batez: alegia, pairatzen duten egoera gertuagotik ezagutzea, gero, itzuleran, hemen gatazka hori gizarteratzeko.
Tokiko hedabideon lana erredakziotik kanpokoa izaten da sarritan, eta tartean dira santelmoen gisako gertaera eta ekitaldi ugariren jarraipenak. Baina Zumaian eta festa giroan ez ezik, Saharan eta lankidetzan ere jarriko du arreta Zumaia Gukak hil honetan. Izan ere, herriko eta bailarako mugez gaindi ere egingo du lan. Saharako bidaiaren inguruko kronikak, argazkiak nahiz bideo erreportajeak eskainiko ditu hedabide honek, zumaiarrak gertutik jarraitzea eta beren ahotsak eta kezkak entzunaraztea ere badelako geure eginkizuna.
Udaberria da Saharan ere, baina beste begizulo batzuk izango dira han. Beste irri batzuk, eta lagunarteko beste hizketaldi batzuk. Beste santelmo batzuk.