Lehen “normala” zenak ez du kabidarik egunotan, eta musukoen egileek eguneko ogia ontzen dutenek baino eskaera gehiago jasotzen dituzte. Antzokien eta plazen edukiera ere nabarmen murriztu da. Antza, konfinamendu garaian hainbeste onura eta ordu elikatu dizkigun kultura jada ez da segurua batzuentzat, distantzia zabalak eta musukoak behar bezala jantzita eduki arren. “Bertan beheratik, bertan behera” dabiltzala idatzi du oraintsu Ane Labaka bertsolariak Twitterren, eta antzara jokoa bailitzan, badirudi dado baten esku dagoela kulturaren etorkizuna: emanaldiak eskaintzeko aurrera egiteko gogoz, baina behin eta berriz kasila berean erortzera kondenatuta.
Donostiako ehunka hotel berriek sumatuko dute Euskal Herriko antzokiek adina bakardade. Pena gutxi ematen dit lehenak, kezka eta ardura sortzen dit bigarrenaren egoerak. Jendez gainezka dabiltza autobusak, trenak, eskolak eta enpresak; musukoak beren tokian jarrita bai, baina distantzia soziala hala moduz mantenduz, hala beharrez. Kultura segurua da, eta kultura behar dugu. Ahal den heinean bete ditzagun plazak, txalotu ditzagun aktoreak eta eutsi diezaiogun izana ematen digun horri, gure kulturari.