Porru patatak tabaskoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Eizagirre 2019ko urr. 1a, 10:38

Badira hilabete batzuk, Far Westeko Euskal Herrian bizi naizena. EiTBk igande arratsaldeetan aspertzeraino irudikatutako artzain eta basamortu artean. Bai eta ez. Izan ere, Zumaiatik begira, bestela irudikatzen nuen urruneko euskal diaspora; museo exotikoren batean gordetako fetitxe folkloriko gisa. 

Aurreiritziak, ostera, lehendabiziko astean jata brastakoan arrakalatu zitzaizkidan, Renoko gizarte segurantzako bulegoan esperoan nengoelarik, idazkari batek nire abizena irakurri eta “Itxaron, nagusiari deituko diot!” esan ondotik. Etorri zen, bada, bulego hartako nagusia, eta nafarrera ederrean esan ez zidan, bada, “Nire abizena ere Eizagirre da”. Duela borregeita piko urte Renon jaio izanagatik, gurasoen hizkuntzan aise moldatzen jarraitzen zuen. Diasporan jaiotako euskaldunek sustraiak mantentzen zituztena lehendik ere banekien. Baina goiz hartan, amerikar burokrazian katramilatuta, ikasi nuen behinola euskaldun etorkin izandakoen seme-alabek botere lekuetan egiten dutela lan gaur egun. 

Gero, joan den ekainean, Diana, nire pisukide kenyarra eta biok kale gorrian gelditu ginen, etxe-jabeak alokairuaren prezioa ilargiraino igo nahi zigula eta. Itzurungo hondartzan etzanda nengoelarik, uztaileko goiz batean, Florence Larranetaren mezu bat jaso nuen, Renoko euskal komunitateko amatxiaren mezua, esanaz bazekiela etxearen premian nengoela eta gela bat zuela niretzat. Abuztu erdirako Renon bueltan, Florencekin gelditu ginen Kenyiako laguna eta biok. Eta gu ia batere ezagutu gabe, Florencek bere etxeko giltza bana eman zigun, Zumaiako alaba gaixo honi eta ene Nairobiko lagunari. 

Irailaz geroztik, etxe bat daukagu, familia koxkor bat, urruneko basamortu honetan; eta alderrai ibili denak badaki zer esan nahi duen horrek. Florencek pazientziaz aditzen du nire ingeles pattalean egindako solasa, eta, tarteka, malko bat isurtzen zaio. Eskolan haurra zelarik, ingelesez baldar egitean jasandako isekak datorzkio gogora. Porru patatak prestatzen ditudanean, berriz, Orbaitzetan jaiotako amaren sukaldeko usainak berpizten zaizkio; halaber, tabaskoa botatzen dio gainetik, bizitza oso bat daramalako amerikarra (ere), izaten. 

Kanpoan dagoenak herriarekin egin ohi du amets; gau eta egun. Eta amesten-amesten, otutzen zait ea gurean bizi diren senegaldarrek kuskusa prestatuko ote duten Olarru Eguneko hondarrekin. Tripa hutsik dagoenak egiten baitu hanka bere herritik, behinola euskaldunek Far Westerantz egin zuten bezalaxe. Eta, batik bat, okurritzen zait, egun batean, Nikaraguako alabaren bat etorriko dela Zumaiara bizitzera, eta Udaletxean, bere herrikide bat topatuko duela bulegoan lanean. Eta Leyla eta Amaia pisukideak, edo auskalo zein gazte kale gorrian gelditzean, Zumaiako etxeren bateko ateak zabalik topatuko dituztela desiratzen dut. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide