Julian Aldaz Emazabel, (Zumaia, 1861-1928) ornitologo famatua izatera iritsi zen. Zumaia inguruan, gehien batean, egin zituen behaketetan oinarrituta, 1918an idatzi zuen “Catálogo de aves observadas en Guipúzcoa y Vizcaya”, eta “Memorias de la Real Sociedad Española de Historia Natural” (Tomo X, Mem. 10, 1918)-an publikatu zuen. Esan behar da, elkarte horretako bazkide agregatua egin zutela 1915ean.
Lan garrantzitsu horretan 287 hegazti-espezie ezberdin nabarmendu zituen, bakoitza bere izen zientifikoa zein euskarazkoarekin.
Aranzadi taldekoak ziotenez Aldazek oso bilduma ornitologiko aberatsa zuen baina bere heriotzaren ondoren sakabanatu egin zen. Hala ere, Zumaiako monjen komentu batean gorde omen zen zerbait.
Ornitologo onaz gain, Julian Aldaz musikaria ere bazen. Dakigunez, 1898ko San Pedro eguneko mezetan orkestra zuzendu zuen, Eslavaren la eta mi mezetako zati batzuk eskeiniaz abesbatzarekin batera, eta 1900ean Zumaian ospatu ziren “Fiestas Euskaras” izenekoetan ere Aldazek abilezia handiz zuzendu omen zuen orkestra. Gainera, hainbat zumaiarrek Aldazekin ikasia izan behar zuten solfeoa eta hainbat musika instrumentu jotzen, biolina tarteko.