“Eizagirre auzoan dagoen dorretxe hau Zumaiako Elorriaga familia boteretsuarena izan zen. Herriko eraikinik zaharrenetakoa da, XIII edo XIV. mendean eraikitakoa.” Horrela dio Lourdes Odriozolaren “Zumaiaren Historia” liburuan, Goikotorreari buruz ari denean.
XVIII. mendearen ondarrera arte ez dut beste daturik. Ordurako, Zumaiako Goikotorrea, Aretxabaletako Galartza auzoko izen bereko dorretxeko jaunaren jabegokoa izan zen eta ondoren horren alargunarena.
1799ko urriaren 28an, Antonio de Oquendo, Arrasateko eskribauak baimendutako eskriturak dioenez, Maria Agueda de Aguirrek, Galartzako dorretxeko jaunaren alargunak, Manuel de Larrañaga zumaiarrari saldu zion Goikotorrea bi lursailekin batera.
Salmentaren baldintza eta betebeharren artean aipatzen da Zumaiako parrokiko kabildoari meza-dirua eman beharra, urtero eta beti, San Bernabe kaperan, ekainaren 24ean, kaperaren jabea izan zen Francisca de Elorriagak sortu zuen fundazioaren urteurrenean ematen zen meza diakonatuagatik.
Aipatutako eskritura horretatik beste datu batzuk atera daitezke. Francisca Elorriagak parrokian eta San Bernabe kapelarekin sortu zuen kapilautzarena zela Debako lurretan zegoen Saskarate baserria, eta Maria Aguedak horren administratzaile izandatu zuela Manuel de Larrañaga.
Baita ere, Francisca Elorriagaren senarra, Martin de Arostegui izan zela, Gudako Idazkaria eta erregearen kontseiluko partaidea.
Argitzeko geratzen dena da, nola iritsi zen Galartzako dorretxeko jauna Goikotorrearen jabegoa eskuratzea. Hemen arrasto bat: Maria Aguedaren senarraren izena Joseph Miguel de Galarza y Elorriaga zen. Nondik zetorkion Elorriaga abizena? Ea baten batek dakien.