Astilleros Erason egindako “Octubre“ ontzia martxoan uretaratu bazuten, hil bereko 14ean, Francisco Querejeta, XX. mendeko Zumaiako ontzigintzaren aitzindari nagusietakoaren ontziolan, “Ramonchu“ ontzia uretaratua izan zen, 475 tonakoa, ordurarte Gipuzkoan egindako handienetarikoa.
Querejetaren ontziola berean, abenduaren 6an “Jose Mari“ izeneko 750 tonako ontzia uretaratu zuten, gero Yeregui y Compañiaren 80 ZPko bi motorrekin ornitua izateko.
Eta urtea amaitzear, abenduaren 29an, 300 tonako “Anetxu“ belaontziaren botadura egin zuten Francisco Querejeta e Hijos-en ontziolan.
1918. urteko susperraldiaren beste froga bat bezala, ontziola berri baten eraikuntza aipatu behar da. “Ajuria, Yeregui y Compañía”rena, berezitasun garrantzitsu bat zuena: dike lehor bat ontziolaren alboan, agian, garai hartan Gipuzkoan zen bakarra. Dikearen arrastoak Kantauri plazako etxebizitzak egiteko lanetan hasi zirenean azaleratu ziren, hala esan zidaten bi lekukoek, baina ez zen inor arduratu deskribapen-txosten bat egiteko. Horrela, Zumaiako industria-ondarearen zati baten memoria osatzeko aukera on bat galdu zen.
Beheko argazkiak:, “Ramonchu” eta “Anetxu” ontziak.