Esteban Etxaniz kapitaina, kortsario zumaiarra (1)

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2020ko abu. 26a, 12:00

Zumaian bizi izan diren pertsona berezien zerrenda egiterakoan, seguru nago Esteban Etxaniz kapitaina izango litzatekeela hautagaietako bat. Ibilera luzea izan zuen kortsaritzan, Berberia eta Frantziako presondegiak ezagutu zituen, gerra-kontseilu bat ere jasan zuen, eta gainera Zumaiako alkate izateko tarte bat ere hartu zuen. Hiru ataletan banatuta argitaratuko dut bere bizitza, gaur aurrenekoa eta beste biak hurrengo egunetan.

Esteban Etxaniz, kapitaina, (Aia, 1602 – Madril, 1666) Domingo Etxaniz, Aiako eskribauaren semea zen, baina ez dakigu nor zuen ama. Domingo Etxaniz, Katalina Plazarekin ezkondu zen, Zumaiako eskribau Matias Arriolaren emazte Margarita Plazaren aizparekin hain xuxen. Matiasen gurasoek XVI. mendean egina zen “Arriolakoa” dorretxea, gaur egungo Torreberri.

Domingo Etxaniz eta Katalina Plaza, 1614ean Zumaian sortu zen moja xaharren komentuarentzat dirulaguntza gehien eman zutenetakoak ziren, “Pues mediante su piedad y generosidad (después de Dios) pudo preservar en los primeros años este convento …”[1].

Esteban, 1624ean ezkondu zen, Matias Arriolaren alaba Katalinarekin eta Zumaian jarri ziren bizitzen, hamar urte lehenago Katalinaren osaba Manuel Arriola, Aragoiko presondegietako ikuskatzaile zenduak, eraberritu zuen “Arriolakoa” dorretxean.

Bost seme-alaba izan zituzten. Horietatik bi, Pedro eta Ignazia, umetan hil ziren. Antonia mojaxarren komentuan sartu zen 18 urterekin. Domingoren berririk ez dugu eta Maria, berriz, Alonso Idiakez kortsoaren Iparraldeko eskuadraren sortzailea eta superintendentearen Kristobal izeneko semearekin ezkondu zen. Hau, Zumaiako alkate izan zen 1654. urtean.

Esteban Etxaniz eta Katalina Arriolak ez zuten haren gurasoak baino gutxiago izan nahi mojaxarrei laguntzen, baina Estebanek ez zuen izan hainbesteko zorterik ondasunekin, “Milizian sartu eta itsasoko soldadu handia izatera iritsi baitzen” [2], eta bizi modu horrek onura baino buruhauste gehiago sortu zizkion, gero ikusiko dugun bezala.

Luze joko luke, pertsonaiari buruz dugun informazio guztia azaltzea, eta saiatu gara bere bizitzako ekintza eta gertakaririk nabarmenenak adierazten eta bereziki Zumaiari lotutakoak.

Esteban Etxanizek aurrekorik izan zituen Zumaian, kortsario eta piraten munduan. XV. mendearen bigarren erdian Juan Perez Zumaiakoa, Lope Zumaiako eta Juan Perez Andañeta edo Indañeta, Mediterraneo aldean ibili ziren [3].

Lantxo honen iturri eta ardatz nagusienak Dokuklik, Euskadiko Artxibo Historikoko Archivo de la casa de Murguia, Marqueses de Valde-Espina-Fondo Modernoko “Servicios militares de Don Esteban de Echaniz, capitán de mar y guerra, vecino de Zumaya”-an jasota dauden dokumentuak izan dira. Beste informazio iturriak, amaierako oharretan adierazten dira.

Kortsoan, lehen urratsak

1625. urtearen inguruan hasi zen Esteban Etxaniz kapitaina kortsoaren munduan, lehenik bere kontura, gero Iparraldeko eskuadraren baitan eta urterik gehienak Ozeano (Atlantiko) itsas armadan egin zituen.

1627ko martxoaren 9an, Esteban Etxaniz eta bere emazte Katalina Arriolak, Zumaiako „Kantera“ parajeko mendian zeuden haritzondoen erosketa egin zuten [4] eta bost hilabete gero Frantzisko Uzkanga ontzigileari saldu, prezio berean, ontzi bat egiteko [5].

San Esteban izango zuen izena, 1629ko ekainean Esteban Etxanizek kortsoan erabili zuena, 150 tonako patatxe bat, Juana Laraudo (Larando) bazkide zuela. Honek, eskuratutako harrapakinen banaketa egiterakoan, hartu zituen gaien edo ondasunen zerrenda dugu lekuko [6].

Juana Laraudo, Donostiako alde zaharrean ostatu bat zuen emakume alarguna zen eta jatorri ezberdinetako kortsarioak zituen bezeroak. Baina kortsoko negozioetan ere partehartzen zuen ontzi-armadore bezala. Garai hartan, Donostia kortsarioen habi bihurtua zegoen eta Iberiar Penintsulan ez zuen parekorik [7].

Bi hilabete gero, Zumaiako portuan zegoen San Esteban patatxea, berriro kortsora abiatzeko prest. Oraingoan ere Juana Laraudo, zuen bazkide Etxaniz kapitainak. Aipatzekoak, ontzia tresnatzeko eta hornitzeko Juanak jarri zituen gauzen artean zeuden gaiak: 12 kintal bizkotxo; 6 sagardo-barrika; barril bolbora bat, 86 librarekin, erdiak Iruñeako eta beste erdiak Aragoikoa; 16 moskete espainiar, pinzotedunak (urkila karelean jartzeko pieza); 25 libra soka, eta 25 libra olio [8].

Baina, aste beteren buruan bazkide berri bat elkartu zitzaien, Martin Yañez Arrieta, azpeitiarra, Etxanizi ontziaren erdia erosi ondoren, eta eskifaiako kide bezala Francisco Reynardo, kapitain marseillarra zutela itsasora atera ziren. 25 bat laguneko tripulazioarekin irten omen zen ontzia, tartean espainiarrak, italiarrak, frantziarrak eta irlandarrak zirela [9]. Lortuko zuketen harrapakinaren erdia marinelentzat eta beste erdia armadoreentzat banatuko zuten [10]. Cudilleroko ontzi bat hartu zuten harrapakintzat eta irailaren 9an egin zituzten irabazi eta gastuen kontuak, Zumaiara itzuli eta gero [11]. 

Etxaniz kapitainak, San Esteban ontziaren beste erdia saldu zion Arrietari eta hau ordaindu ezinik zebilela, hark auzitara jo zuen eta 1630ko otsailaren 20ean Narrondoko burdinolan zegoen, eskribaua bertan zela, Arrietarenak ziren 50 kintal totxo eta 2 kintal burdin sotil enbargatu eta Narrondoko “beheko kaitik” Zumaiakora eramateko [12].

Badirudi, kortsoan atsedenaldi bat hartu zuela Esteban Etxanizek. 1629ko abenduaren 27an, garai hartan ohikoa zen bezala, hurrengo urteko agintaldirako Zumaiako alkate aukeratua izan baizen [13]. Esan behar da, ez zela izan kortsoan ibili zen alkate bakarra, Deba eta Donostiako alkateak ere ibiliak ziren.

Alkate kargua bete ondoren, 1631an, Etxaniz kapitainak berriro ekin zion itsas jarduerari. Santo Domingo izeneko ontzi kortsarioarekin baliatuz, ontzi holandar bat harrapatu zuen. Hamar artillería-pieza, eta oihal eta azukre-ogiaren kargamentu baliotsua zuen. Guztia, 12.000 dukatean saldu zuen, ordurako diru kopuru handia. Baina, tripulazioaren zati bat, kapitainak egindako irabazien banaketarekin konforme ez eta auzitan aritu ziren Hondarribian [14].

Oharrak:

[1] Javier Carballo (2008) “Karmeldar oinutsen San Jose Komentua. Laurehun urte Zumaiaren historian“

[2] Ibidem.

[3] Mª Teresa Ferrer i Mallol (2006) “Corsarios vascos en el Mediterraneo medieval (siglos XIV-XV). Itsas Memoria. Untzi Museoa 

[4] AHPG-GPAH 2-3353,A037r-040r 

[5] AHPG-GPAH 2-3353,A090v-091v 

[6] Dokuklik. “Cuentas del armamento al corso del patache San Esteban a cargo del capitán Esteban de Echaniz”, 1629. Laurgain dorreko artxiboa 

[7] Jose Mª Unsain. Donostia itsas hiria, 2008. Untzi Museoa 

[8] Dokuklik. “Cuentas del armamento al corso del patache San Esteban a cargo del capitán Esteban de Echaniz”, 1629. Laurgain dorreko artxiboa. 

[9] Jose Mª Unsain. Donostia itsas hiria, 2008. Untzi Museoa 

[10] AHPG-GPAH 2-3378,A063r-064v 

[11] Dokuklik. “Cuentas del armamento al corso del patache San Esteban a cargo del capitán Esteban de Echaniz”, 1629. Laurgain dorreko artxiboa. 

[12] AGG-GAOCOUEJ0350. 

[13] ZUA 67/1, S.F. S.F. 

[14] Enrique Otero Lana. 2006, Los corsarios vascos en la Edad Moderna. Itsas Museoa, Donostia. (Hondarribiko artxiboa erref. E-7-I-8-Exp. 15).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide