Zumaian eraikia izan zen Nati itsasontziak amaiera dramatikoa izan zuen. Orain 100 urte betetzen dira Malagako portuan hondoratu zela, 1921eko martxoaren 21ean, Astelehen Santu egunez. Santanderrera eraman beharreko gasolina eta petrolio-upelak lehertzean gertatu zen. Istripu hartan, Txiki izeneko txakurra izan zen hil zen bakarra, baina erredura larriekin zenbait hilabetez ospitalean egon ziren Eustaquio Arrinda, kapitain lekeitiarra, eta Francisco Marques, Antonio Manterola eta Antonio Aizpuru marinelak. Horietako bigarrena, ontziko mutila, 14 urteko zumaiarra zen. Antonio Manterola Aizpurua, Benito eta Jose Manuel bikien anaia.
Nati hiru mastako pailebot motako ontzia zen. Ajuria, Yeregui y Compañia ontziolan uretaratu zuten 1919ko martxoaren 5ean, Donostiako Vicente Irigoyen armadorearen aginduz egina. 300 tonakoa zen, 30 metroko luzera, 7,20 metroko zabalera eta 3,50 metroko altuera zituen. Ontziolaren alboan zegoen Yeregui y Compañia lantegian egindako 80 zaldiko motor bat ere bazuen.
Ajuria, Yeregui y Compañia elkarte komanditarioa 1918ko otsailaren 2an sortu zen bazkide hauen artean: José Ajuria Tauste, medikua eta Zumaiako bizilaguna; Calixto Yeregui Manterola mekanikari zumaiarra; Angel Galardi Santa Cruz kontable zumaiarra, eta ontziolaren ondoko lurretan zegoen Yeregui y Compañía enpresako bazkideak: Pedro Uranga Linazasoro, arotza eta Zumaiako bizilaguna; Jose Agustín Arbillaga Emazabal, medikua eta Azkoitiko bizilaguna eta Zumaiako yutera edo zaku fabrikaren jabea; eta Alvaro Churruca Murga, bilbotarra, Arbillagak ordezkatuta. Astilleros de Zumaya jarri zioten izen komertzial moduan.
Argazkia, ondoratu baino 20 egun lehenago, Indalezio Ojangurenek ateratako da.
Nahi izanez gero, ondorengo estekan duzue informazio gehiago: http://www.ziiz.eus/es/ontziolak/ajuria-yeregui-y-compania/