Honelako sari bat jasotzen da normalean bat erretiratzen denean. Zure kasuan ez omen da horrela izango.
Segi egin behar dut. Zenbat urte ez dakit, osasunak laga arte. Ondo-ondo ere ez nabil, eta horregatik ez naiz joango partidetara. Asko gustatzen zait partidetako tentsioa, baina ezin dut. Entrenamenduetan laguntzen ibiliko naiz alebinei eta infantilei. Norbera ez egotea partidetan arraroa da. Beste entrenatzaile bati esatea zer egin behar duen taldeak partidan zehar ez da egokiena, baina hauxe dago.
Azkenean, ezin utzi.
Hori da. Zenbat aldiz pentsatu ote dudan uztea, baina gero ezin. Gustatu egiten zait, eta umeekin gehiago. Bizi egiten ditut entrenamenduak, eta hori gustatu egiten zait. Behar izango banu bezala.
Zer ematen dizu entrenatzaile izateak?
Bizitza.
Nolako bilakaera izan duzu entrenatzaile hasi zinenetik?
Balioak beti erakusten dira, baina orain gero eta garrantzia handiagoa ematen diot horri. Adinean aurrera noalako izango da [barrezka]. Lehen, hasieran, dena zen entrenatu, jokatu, irabazi.
Zein dira balio horiek?
Konpromisoarena da bat. Ardura horri eutsi egin behar zaio. Errespetuarena, elkarri errespetua edukitzea. Lan egitea da beste bat. Lortu nahi dena lortu nahi dela, jokalariak lana egin behar du.
Kirola bada bizitzaren metafora bat alde horretatik, baina beste alde bateko iritzia ere badago: kirolari lehiakortasuna kendu nahia. Zer iritzi duzu?
Ni lehiakorra naiz, eta zer du ba txarra arau batzuen barruan irabaztera joateak, lehen aipatutako balioetan oinarrituz?
Honaino iritsi zara noizbait hasi egin zinelako. Noiz eta nola izan zen?
1974an Pulpo hasi zen. Aurreko urtean bazen talde bat, Joxe Manuel Aizpuruarekin. Etorri zitzaidan seriotasuna jarri nahi zuela taldean, eta entrenatzaile jartzeko. Isiltzeko esan nion, ni entrenatzaile nola! 24 urte nituen. Ordurako jokatzeari lagata nengoen, Zumaian ez zegoelako talderik. Azkenean, baiezkoa eman nion, eta 1974an hasi ginen serio-serio.
Kolpetik entrenatzaile, hortaz. Eta ariketak, metodologiak eta horrelakoak nondik?
Liburu pila bat erosi nituen. Orain ematen ari naiz entrenatzaile gazteagoei. Autodidakta izan nintzen. Internetik ez zegoen orduan, eta dena zen liburutik tira beharra.
Nolakoa izan zen Pulpon eskubaloi taldearen sorrera?
Zaila. Ez zegoen ezer. Dirua zer zen ere... Kirol bat ezinbestean eduki behar zuen elkarteak, eta eskubaloia sartzen hasi ziren batzuek. Aurretik txirrindularitza zeukaten. Abel Yeregui zenak sekulako lana egin zuen elkartean eskubaloiaren alde. Taxiak ordaintzen zizkigun partidetara joateko eta abar. Gero, bitartekari bezala Joxe Etxeberria jarri zen, eta lan handia egin zuen. Gerora, Bombas Urpe sartu zen klubean, eta Miguel Angel Urangak eta ‘Joxu’ Esnalek ere lan handi-handia egin zuten. Dirua jarri zuen, eta serio hasi ginen. Pentsa, aurreneko denboraldian, taldea [gazte mailakoa], igo egin zen. Seniorren aurka partidaren bat jokatzera ere joan ginen Sallekoren aurka [Nazional mailakoa], eta hirugatik bakarrik galdu genuen. Bidasoari ere irabazi genion. Euskal Liga sortu zen gero, eta Gipuzkoako hiru onenak joaten ziren. Ba Pulpo zen horietako bat , Bidasoarekin eta Arraterekin batera
Non entrenatzen zenuten?
Frontoian lehendabizi, eta gero Zumaienan. Infantilak entrenatzen ere hasi nintzen, jokalari berriak behar zirelako. Jubeniletako lehen talde hura seniorretara pasatu zenean, ez zegoen talderik. 1981ean atera zen aurreneko aldiz seniorren taldea. Baina ni bakarrik nengoen entrenatzaile, eta ezin nuen talde guztiekin.
Zenbatekoak ziren entrenamenduak?
Astean sei ordukoak. Hiru egun, eta egun bakoitzeko bi ordu. Topera entrenatzen genuen. Nire lana entrenatzea zen, eta beste lan guztia Joxe Manuelek egiten zuen. Zorte galanta eduki nuen harekin.
Aitzindaria izan zinen honetan ere: taldeak hartu eta udan denboraldi-aurrea egitera kanpora eraman zenituen: Goizuetara, Aranora, Bidegoianera...
Hori ere bai! Azkenean, jokalariek ondo pasatzea zen kontua, eta horrelako irteerak egiten genituen. Zenbat barre egiten genuen!
Izan zinetelako da orain Pulpo, eta nola dago kluba?
Oso ondo. Beti akordatzen naiz ordezkari lana egin zutenekin eta egiten dutenekin. Ezkutuko lana eta isila. Ezinbestekoa. Zuzendaritza taldea oso ona da, Iban Narbaiza buru dutela, eta Pulpo esku onetan dago. 22 talde aterako ditugu datorren denboraldian.
Talde asko, eta leku gutxi.
Bai. Pista erdian ibili behar izaten dugu eta! Kontraerasoa lantzeko ezin! Nola ba! Gauza berriak asmatu behar joku egoerak entrenatzeko.
Zumaiako ume ia guztiak ezagutu dituzu eskubaloiaren bitartez. Orain, urteak pasatakoan kalean elkar ikusi, eta askok esaten dizute: “Aupa Ramon!”.
Sekulako harremana daukat askorekin, eta gauza handia da. Are gehiago, kontuan izanda gogorraren fama izan nuela. Orain eman didaten saria baino politagoa da nire jokalari izandakoekin daukadan harremana.
Gogorra izango zinen pistan, baina behin horko lanak amaitutakoan, denak lagunak.
Hori da nire filosofia. Pistan, lanera, ez gara lagunak, baina gero, bai, gero lagunak.
Jarraitzen al duzu eskolan nota onak ateratzeko eskatzen zure jokalariei?
Bai. Oso garrantzitsua da. Batzuek uste dute eskubaloitik biziko direla, tonbola dela hau, baina ez. Ikasi egin behar da lehendabizi.
Ez zaitugu erretiratu nahi, baina uzterakoan, zer utziko duzu?
Adibidez, ariketa pila bat. Etxean dauzkat denak bilduta. Sekretu profesionala da hori.