Lokarriekin

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2018ko ira. 5a, 18:30

Autobusaren zain geltokian nagoen honetan, aspertuta nire zapata berriei begira geratu naiz. Zerbaitek atentzioa eman dit bat-batean, lokarriak dira. Askotariko lokarriak ikusi izan ditut, baina gaurdaino ez diet aparteko arretarik jarri.

Gure etsaiak ere izan daitezke beharbada, ondo lotuta eraman ezean estropezu eginda eror gaitezkeelako akaso. Hala esan zuen behin lagun batek, futbolean jokatzen ari zela estuegi sentitzen zuen botetako lokarria askatu eta aurkari batek zapaldu zionean: “Ez dakit etsaiagoa nor den, aurkaria edo lokarri madarikatu hau!”. Beharbada ez zen konturatu etsaitzat zeukan lokarria gola sartzen lagunduko zion laguna izan zitekeela, ongi lotuta eraman izan balu.

Baina askotan gertatzen zaigu hori, bizitzako edozein alorretan. Etsaitzat daukaguna lokarriekin kateatuta uzten dugu, alde batera. Ez dugu ikusten, ordea, lokarri horiek beste era batera jartzen baditugu, lazo polit bat eginda, adibidez, etsaia lagun bihur daitekeela. Gauzei bere alde ona bilatu behar izaten zaie askotan, geure hobe beharrez. Askotariko lokarriak daude: gogokoenak bilatu eta horiei jokoa ematean datza bizitza, zapatetan ongi lotuta ditugula, min ez hartzeko betiere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide