Normalitate berrira gatozen honetan, argi dugu COVID-19ak eragin duen txikizioari erantzuteko lehentasunezko lanak euskaraz egin nahi ditugula, birusaren eragina murriztea lortzen dugun egunean, hizkuntzari dagokionez ere orain baino osasuntsuago egon nahi dugulako.
Helburu hori lortzera bidean, besteak beste, Euskaraldia tresna ona dela erakutsi zigun lehen edizioak. Orduan, 2019an, norbanakoak, ahobizi eta belarriprest ,hartu genuen lekukoa gure hizkuntza ohiturak aldatzeko ekinbidean, aurtengo honetan, ordea, entitateei, talde izaera duten eragileei ere badagokie lekukoa hartzea, erakunde publikoei, enpresei, komertzioari eta ostalaritzari, kirol eta kultur elkarteei eta gainerako elkarte eta gizarte eragileei. Nekez egingo dugu aurrera erabileran norbanakook hartutako konpromisoek ez badute giza taldeen babesik eta bultzadarik lortzen, nekez erabiliko dugu euskara ahobiziok eta belarriprestok non erabilia errazten ez bazaigu. Taldean hartutako erabakiak eragin handikoak dira eta arau sozial berriak gizarteratzeko balio handia dute.
“Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan” lelopean arituko gera lanean aurtengo Euskaraldian.
Sei hilabete ditugu aurrean eta euskararen etorkizunaren alde tinko jarraitzeko gogotsu gaude. Krisi garaian erakutsi dugun komunitate zentzua lagun izan behar dugu, euskararen biziberritze prozesuak ere aurrera egin eta galdutako lekua berreskuratu dezan.
Zailtasunak zailtasun, sei hilabete barru, azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, hizkuntz ohiturak aldatzeko bigarren ariketa sozial masiboa egingo dugu. Ez dakigu zenbat herritar eta entitate aktibatuko diren, baina parte hartzen duten lagun guztiek euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea nahi genuke.
Elkarlana eta ilusioa ezinbestekoak izango dira, komunitatea trinkotzea funtsezkoa. Animatu egin nahi zaituztegu, ahobizi eta belarriprest guztiak, Euskaraldiaren antolaketa lanetan murgiltzera, zuen entitateetan ahal dituzuen urratsak egitera, aukera ikusten duzuen lekuetan ariguneak sortzera, eta ariketa sozialerako ahalik eta girorik egokiena zabaltzera. Euskaraldi sendo bat behar dugu, euskara erabiltzeko bultzada ahalik eta sektore eta entitate gehienetara iritsi dadin, eta euskararen aldeko dinamika soziala Zumaia osoan zehar zabaldu eta indartu dadin.
Aurrekoan, Zumaiako herritarrok erantzun bikaina eman genion Euskaraldiari. Ekin diezaiogun oraingoan ere azken txanpari, ekin diezaiogun elkarrekin.