Zeru zabalak

Erabiltzailearen aurpegia Sinéad Bux Romatet 2020ko urt. 27a, 09:03

Errusian zerua zabalegia da. Hortaz konturatu nintzen aurrena, iristerakoan. Erdi lo nenbilen, desorekatuta, hegazkinean lau ordu begiak itxi nahian egon eta zuzenean lanera etorrita. Ezagun batek komentatu zidan Errusian "Europan" baino kale zabalagoak daudela orokorrean –askotan ezin da gainetik pasa, lur azpitik ibili behar duzu–. Baina hori jakinda ere ez nuen ondo ulertu. Zerua zabalegia da.

Beldur arraro bat sortu zitzaidan; mundua ez zen ezagutzen nuen bezalakoa. Lovecraften ipuin batean nengoela ematen zuen: beldur sublime bat; botere handi, ulertezin bat. Eta hori guztia esna jarraitu eta lanean kontzentratu nahian nenbilela. Ezin nion inori esplikatu.

Asko ikertu dut sentimendu hori, ulertu eta kontrolatu nahian. Unibertsitatean ikasitako gauzak, irakurritako gauzak... jakinduria ezaguna errepikatzen. ‘Kultura’-ren barruan gauza asko sartzen dira: hizkuntzak, herrialdeak, mitologia… Denbora ere kulturala da: desberdin uler daiteke, desberdin erabiltzen da. Europan eta Ameriketan, dirua bezala ulertzen dugu; ondo erabili behar da. Askotan konturatu naiz Euskal Herrian eta Errusian egunak Irlandan baino luzeago direla. Hortaz, espazioa ere, noski, kulturala da.

Zerua zabala da, kaleak zabalak direlako. Baita mendirik ez dagoelako ere. Baina ez da hain sinplea. Mundua guk sortzen dugu; gure begiek ikusi ahala dena kategoriatan sartzen dugu, zentzua ematen diogu. Nire begiek, berez, ez dituzte bi zuhaitz ikusten; nik erabaki dut, pentsatu ere egin gabe, informazio hori burura iristen zaidan ahala, kolore eta forma horiek bi zuhaitz direla. Naturak sortzen du pertsona, eta pertsonak sortzen du natura. Ziklo bat.

Horixe da kultura, begien aurrean jarrita dugun filtro bat. Munduari zentzua ematen dio, ulergarria izanarazten du. Ulertzen duguna kontrolatu egin daiteke. Kultura bat ezagutzeko, heriotza nola tratatzen duten ikustea gustatzen zait. Norbait hiltzen denean, mundua desorekatu egiten da, dena ez dago bere lekuan, zerbait falta da. Heriotzaren inguruan sortutako erritualak berriro orekatzen dute, elkartu egiten gara eta mundua berriz sortzen dugu.

Kulturaz aldatzean ere, desorekatu egiten zara. Errusiara etortzerakoan adi egon nintzen kultur “shock” bat sentitzeko. Sentimendu hori ulertu eta kontrolatzeko. Egunak pasa, eta ez nuen uste sentituko nuenik. Baina desoreka espazial hau, fisiko hau… horixe zen “shock”-a. Sentimendu fisiko bat. Sentimenduak, pentsaerak fenomeno fisikoak dira. Burua gorputzaren parte da. Era berdinean, mundu intelektuala, soziala, kulturala, mundu fisikoaren parte da. Hori guztia teorian banekien, baina momentu hau bizi izan behar nuen gogoratzeko eta benetan ulertzeko.

Eta momentu honetan, hau guztia kontrolatu nahian nenbilela, mundu osoarekin bat sentitu nintzen. Denok gabiltza mundua ulertu nahian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide