Ordura arte, argazkilaritza zaletasun moduan hartu nuen, eta modu autodidaktikoan aritu nintzen. Pixkanaka, pasio bihurtu zen: egunerokotasunetik eta estresetik ihesbidea. Kirolariek ondo sentitzeko kirola egin behar duten bezala, argazkigintza atsegin dugunok argazkiak atera behar ditugu, eta atentzioa ematen digun hori guztia hilezkortu. Distiran nire zaletasun bera duen jendea ezagutzeko aukera izan dut, argazkigintzarako baliabide profesionalak dituen lokal bat eskura daukat, eta, batez ere, besteengandik ikasteko eta nik nekiena partekatzeko aukera ere izan dut.
Euskal Herriko argazkigintza elkartean urtero elkartzen gara, eta biltzarrak, topaketak... egiten ditugu. Topaketa horietan, Euskal Herriko txoko guztietako argazkilari handiak ezagutu ditut; horietako asko nire lagunak dira eta, gutxika-gutxika, nire zaletasuna gero eta jende gehiagorekin partekatzen dut.
Elkarte batean egoteak asko ikasteko aukera ematen dizu. Distiran ikastaroak eta tailerrak antolatzen ditugu, elkartzeko lokal bat dugu, eta argazki ekipo profesional bat ere badugu; ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ematen digu.
Webgunea ere badugu, eta sare sozialak, lehiaketak... ere kudeatzen ditugu. Elkarteei dagokien lege araudia ere bete behar dugu: akta liburuak, bazkideak, kontuak, sozietateen gaineko zerga... Eta hori guztia egiteko denbora eta dedikazio handia behar da. Horregatik, elkarte batean egoteko, nahikoa pertsona altruista izan behar da, ez baita diruz ordaindutako jarduera bat.
Gero eta berekoiagoa den gizarte batean bizi gara, eta hori asoziazionismoaren munduan ere sentitzen hasi gara. Gero eta gutxiago gara elkarteetan lan egiten dugunak, eta elkarte horietan lan egiten dutenak, oso altruistak izanda ere, nekatu egiten dira azkenean. Gainera, indibidualismo hori nabarmenago ikusten dugu gazteenen artean, eta, horren ondorioz, irabazi asmorik gabeko elkarteetako jendearen batez besteko adina gero eta altuagoa da, eta gai horrek kezkatzen gaitu. Gazteei asoziazionismoak merezi duela erakusteko modua bilatu beharko dugu.
Ez naiz damutzen Distira programan igaro ditudan urteez; argazkilari eta pertsona gisa hazten lagundu didate, eta elkartean nik baino urte gehiago daramatzan jendea dago. Soldatarik gabeko lana bada ere, horrelako elkarte batean egoteak beste maila askotan konpentsatzen zaitu.
Zorionez, bizitzan dena ez da dirua, eta Distira familiako kide den jendearekin gozatzeak eta nire zaletasuna partekatzeak ez du preziorik.