Gurpilak eta elektroiak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Garmendia 2018ko abe. 1a, 11:37

Biak dira biribilak, nahiz eta lehenengoak zilindrikoak eta bigarrenak esferikoak izan, eta azken asteotan jendearen ahotan ditugu biak. Agintariek diote 2040rako konbustioko autoak egiteari utzi beharko dela eta 2050erako ezingo ditugula erabili; izan ere, natura eta gure osasuna babesteko automobil flota elektrifikatu behar dela diote. Baina polita dirudien gai honek baditu laino ilun batzuk inguruan.

Lehenik efizientziaren mito faltsua dugu. VW Golf elektriko berriak 100 km-ko 13,3 kWh argindar kontsumitzen ditu; gasolina motordunak, berriz, 5 litro 100 km-ko. Gasolina motor batek 0,34 litro behar ditu batez bestean kWh bat sortzeko, beraz 14,7 kWh lortuko ditu 5 litro gasolinarekin. Energia kontsumo antzekoa den arren, zentral elektriko batean 5 litro gasolinarekin 24 kWh sortuko genituzke efizientzia hobea duelako, nahiz eta energia autoaren baterietaraino iristerako % 10-15 galduko den. Beraz, autoa elektrifikatzeak berez ez dakar energia kontsumo txikiakorik eta gainera argindarra erregai fosilekin sortzen jarraitzen badugu, oso gutxi murriztuko ditugu CO2 isurketak.

Autoentzako argindarra iturri berriztagarrien bitartez sortuko balitz beste kontu bat izango litzateke. Tamalez, Estatuko energia ekoizpenaren % 45a soilik da berriztagarria (% 20 den nuklearra ez-berriztagarri bezala hartu dut, Estatuko erreaktoreen motengatik). Energia iturri berriztagarriekin nahikoa ez denez eskaerari aurre egiteko, ez-berriztagarrekin osatzen da falta dena. Bat-batean autoak erregai fosilak erabiltzetik argindarra erabiltzera pasako bagenitu, argindar kontsumo gehigarri hori ez-berriztagarria izango litzake; beraz, ez genuke egoera gehiegi aldatuko.

Bigarrengoz, ezin dugu ahaztu litiozko baterien ekoizpenak eta birziklatzeak ingurumenean eragiten duten kutsadura eta kaltea. Dagoeneko Bolivian eta Txinan arazo ekologiko handiak sortu ditu metal horren produkzioak. Litioa baino alternatiba jasangarriagoak egon arren (berun azidozko bateriak, esaterako), autogileek litiozkoak nahiago dituzte arinagoak direlako. Berun azidozko bateriek litiozkoak baino 3-4 aldiz gehiago pisatzen dute. Berun-azidozko teknologiarekin 200 km-ko autonomia lortzeko 900 kiloko bateriak beharko lirateke.

Gauza onak ere badituzte auto elektrikoek: mekanikoki askoz sinpleagoak dira, zarata gutxiago ateratzen dute, mantentzeko orduan logistika asko errazten dute eta konbustio motorrek behar dituzten olio aldaketa, iragazki edota hozteko likidorik ez dute behar, besteak beste. Abantaila horiengatik guztiengatik, gustura  gaztetuko nuke nire Land-Rover zaharra, elektriko bihurtuta, berun azidozko bateriekin eta eguzki plakekin kargatuta. Tamalez, Espainian moldaketa legeztatzea 20.000 eta 25.000 euro artean kostatuko litzaidak; Alemanian, berriz, 78 euro; eta Erresuma Batuan legeztatu beharrik ere ez nuke izango. Zer ekologikoagorik dagoeneko martxan dagoen auto bat birrindu eta berria egin beharrean, dagoena elektrifikatzea baino? Horren erantzunean autogileen lobbyaren laino ilunak ere badu zerikusia.

Automobilen elektrifikazioari buruz hitz egin beharrean, ekoizte energia altuko produktuen eta kontsumitzen dugun energia kantitatearen inguruan ere eztabaidatu beharko genuke, arazoa errotik aztertu nahi badugu. Idatzirikoan auto elektrikoaren alderdi energetikoan eta ekologikoan jarri nahi izan dut puntua, baina hemen lantzeko lekurik izan ez ditudan laino ilun gehiago baditu gai honek, sozio-ekonomikoak, argindarraren pool merkatuarenak eta industria politiken ingurukoak, esaterako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide