Google Maps aplikazioan gertatu omen da izen zaharren berpizkunde hori, eta egiaztatzen saiatu nintzen: ZUMAIA, ZESTOA eta GETARIA agertzen zitzaizkidan niri! Ondoren jakin nuen zergatik, Sustatun horren inguruko artikulua irakurrita: nabigazio-hizkuntzaren arabera, programak era batera edo bestera ematen ditu izenak.
Itxura denez, Googlek moldaketa tekniko batzuk egin ditu, eta lehenago hizkuntza bakarrean eta izen ofizialekin bakarrik ematen zituenak, orain hainbat hizkuntzatan eskaintzen ditu mapak, tartean euskaraz. Gainera, ordenagailuetan erabiltzaileak aukera dezake zer hizkuntzatan kontsultatu nahi duen mapa. Horrela begiratuta, aurrerapauso handia dela dirudi, eta alde batetik hala da, Euskal Herritik kanpoko izenak ere euskaraz ikusteko modua eskaintzen duelako: Palentzia, Bordele, Txekia, Txad…
Artikuluan, hala ere, ez zaio aparteko garrantzirik eman beste alderdi bati: praktikan, erabilerari dagokionez, atzerapauso ikaragarria ekarri duela aldaketak. Izan ere, lehen Euskal Autonomia Erkidegoan herrien izen gehienak euskaraz agertzen ziren —ofizialak erabiltzen zirelako—, eta orain erabiltzaileen %90 baino gehiagok ZUMAYA eta antzekoak ikusten dituzte. Imajinatzen duzue egun batetik bestera gure herrietako eta errepideetako kartel guztiak horrela idatziko balituzte? Sarean antzeko zerbait gertatu da, bada.
Egia da neurri batean konpontzeko aukera badagoela: ordenagailuetan nahikoa da aplikazioan bertan ezarpenetan euskara hautatzea. Horrelakoekin agerian geratzen da zer garrantzitsua den euskaldunok ordenagailuetan euskara lehenestea: NABIGATU EUSKARAZ! Hala ere, ZUMAYA eta antzekoak irakurri beharra ezin da izan gaztelaniaz nabigatzeagatik euskaltzaleak ordaindu beharreko isuna, edo euskaraz ez dakiten herritarrek ere bete beharko duten zigorra. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datu orokorrak ikusita, nekez izango ditugu epe laburrean euskararen alde.
Mugikorrei dagokienez, konponbidea ez da hain erraza, gailu gehienek ez dutelako aukera ematen euskaraz nabigatzeko, eta aintzat hartzen badugu jada Interneten gehiago ibiltzen garela mugikorrekin ordenagailuekin baino... Emaitza txar horiek are okerrago bihurtzen dituen beste kontu bat ere badago: mapa horiek oinarritzat hartzen dituzten webgune eta aplikazio asko daude, forma aldrebes horiek hedatzen hasi direnak.
Ondorioz, maila ofizialean existitzen ez diren izenak berpiztu dizkigute, ustez lurpean zeuden mamuak agertu zaizkigu berriz. Beldur naiz ez ote ditugun aurrerantzean izen horiek gero eta gehiago ikusiko merkataritzan, hezkuntzan eta beste alor batzuetan, gazteen artean bereziki. Izan ere, Google ahalguztidunak hala badio, arrisku galanta herritarrak ere gaztelaniaz ZUMAYA erabiltzen hasteko!
Panorama horren aurrean, komeniko zaigu Googleri esatea informazio horrekin zerbitzu “txarra” ematen duela, gaztelaniaz proposatzen dituen izen horietako asko ez direla ageri errepideetako karteletan, erakunde publikoen webguneetan, turismo bulegoetako argitalpenetan, herriko ostatu eta enpresen helbideetan, ez direla erabiltzen gaztelaniaz bizi diren herritarren eta elkarteen eguneroko bizitzan ere...
Zumaiarrok isilik geratuko gara? Sinadura bilketa bat egingo beharko dugu? Argazki jendetsu erraldoi bat “Google: this is not ZUMAYA” dioen pankarta batekin? Gure herria, berdin euskaraz eta gaztelaniaz, ZUMAIA delako.