Duela 2-3 astetik hona askotan aipatu dute zorioneko flyscha, surflari batek salatu zuenetik Zumaia eta Deba bitarteko haitzak plastikoz josita zeudela. Hedabideek oihartzun handia eman zioten gaiari eta erakunde batzuk mugiarazi ditu. Talde ekologista batek ekimen bat antolatu zuen joan den larunbatean ingurune hori garbitzeko, eta Baleikeko lagunek ederki zuzendu zuten karteleko mezua, “harraldea garbitzeko deialdia” zela iragarrita. Izan ere, flyscha ez da toki edo ingurune jakin bat, egitura geologiko berezi bat baizik, harraldean ikus daitekeena, baina lehorreko itsaslabarretan eta mendi inguruneetan ere bai.
Igandeko Berrian garbiketa horren kronika irakurri nuenean, flyschean gora eta flyschean behera, pentsatu nuen zerbait egin beharra zegoela, eta txio-hari txiki bat idatzi nuen. Hiztegietan harralderi tokia egin beharko litzaiokeela jarri, Elhuyar aipatu, eta ttak! Egun gutxiren buruan hiztegian da jada! Euskaltzaindiaren hiztegian ere sartuta dagoela ikusi berri dut. Hau poza!
Kaxildo Alkorta getariarra ere poztuko da, seguru. Begira zer idatzi zuen duela urte batzuk Administrazioa euskaraz aldizkarian: “Hitz hau normal-normala da Getarian eta Zumaian (...). Getariatik Zarautzera kamioz hasi eta ezkerrean, behean, hondartza dago, plaia, Malkorbe du izena. Ondoren haitzak eta harriak, harriak eta haitzak, harraldea, hots, harri aldea, Zarautzeraino (...). Itsasalde edo kostan hondartza eta harraldea, harraldea eta hondartza, ia besterik ez dago. Barrak ere badira ibaiak itsasoratzen diren aldeetan, Oriokoa-eta esate baterako. Hamaikatxo barko txikitu dira haitzetan, arroketan edo harraldean itsaso txarrak hara eramanda. Hiztegi berrietan hondartzak badu sarrera; barrak ere bai. Harraldek ez. Zer dela eta ez ba? Erabiltzen duguna ez jasotzea ere...!”.
Harralde oso hitz arrunta da Zumaian, bai, eta kostaldeko inguruko herrietan berdin. Goenkaleko herriak ere Arralde izena zuen, ez zen alferrik Anjel Lertxundi oriotarra aritu gidoilari. Marearen eraginez, itsasoak bustitzen eta agerian uzten duen ingurune harritsua da harraldea, arrantza mota batzuetarako oso aproposa, batez ere marea biziak direnean. Lekukotza polit batzuk badaude ahotsak.eus gunean ere. Ikerketa toponimikoa egin ondoren, anaia Imanol eta biok hasi ginen hitza batean eta bestean idatziz ere erabiltzen, baina gutxi zabaldu da hemen ingurutik kanpo. Denoi dagokigu hain geurea dugun hitza bultzatzea. Lortuko ahal dugu jendeak harralde zer den ikasi eta gehiago erabiltzea!