Resurrección Maria Azkuek bildu zuen Cancionero Popupar Vasco bilduman, IX. tomoan, “Canciones de Oficio” izeneko atalean (691. abestia). Azalpenetan zehazten duenez, Manuel Beobide zumaiarrak abestu eta eman zion haren berri. Honelaxe dio, bakarkako zatiak eta koruarenak bereizita:
Ale, arraunean bagere
Ale, palan palan bagere
Eup! Ale, mutilak; palan palan bagere
Ale, mutilak arraunean bagere
A mutilak San Antonen bagere
A mutilak palan palan bagere
Eup! Aurrera, arraunean bagere
Aurrera, palan palan bagere
Aurrera oraintxe bai mutilak aurrera bagere
Aurrera oraintxe bai mutilak aurrera bagere
Azkuek dioenez, marinelen kanta da, eta hartaz baliatzen ziren arraunean egitera animatzeko. Palestinako Caifa eta Jaffako arraunlariei ere tankerakoak entzunak omen zizkien, letania arabiar antzeko batzuk, lanean ari zela kantatzeko, eta han ere koruak errepikatu egiten zuen aurrez ahots batek kantatutakoa. Era berean, Niloko antzinako nabigatzaileen abesti baten aire bat ere badu doinu honek. Bagere horri dagokionez, Azkueren ustez agian batzuetan bedere (bada ere) esan nahiko du eta beste batzuetan bagera.
Aspalditik ezagutzen du Joanito Dorronsorok abesti hori, bertso doinuak biltzeko Azkueren lanak goitik behera aztertu zituelako. Beste hainbat bezala, ordea, ez zuen bertsoen doinutegian sartu, neurriz ez zetorrelako ondo ohiko moldeekin. Eta hara non, Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak kantuei buruz Donostian antolatutako erakusketa bat ikusten ari zela, Kantuketan izenekoa, goiko hitz horiek entzun zituen, abeslari eta koru baten ahotsean dotore asko. Barru-barrutik atera zitzaion: “Aiba la India! Ze gauza ederra!”. Antolatzaileekin harremanetan jarri zen, eta horrelaxe jakin zuen Fernando Larruquert (1934-2016) zinemagile eta argazkilariaren lan bat zela, 1978ko “Euskal herri musika” dokumentalerako sortutakoa. Erakundearen bulegora Uztaritzera bisitan joan zen Joanito, eta lan horren kopia bat eskuratu ahal izan zuen.
Duela dozena bat urte Joanitoren seme Eneko Zumaiako arraunlariez dokumental bat egiten hasi zenean, Ttaup-ttaup, arraun kolpeka izenekoa, ikusi zuten abesti hori oso egokia zela bertan sartzeko. Joanitok ezagutzen zuen Larruquert, hura zaharxeago izan arren, tarte batean seminarioan elkarrekin egon zirelako gaztetan. Abestia erabiltzeko baimena eskatu zioten, beraz, eta aitzakia horrekin Zumaiara etorri zen Fernando, Joanitorekin berriketalditxo bat egitera. Orduan kontatu zion Irungo abesbatza batekin grabatu zuela abestia, eta Hondarribiko arrantzale batzuek ere parte hartu zutela. Horrelaxe iritsi da abesti hori gure belarrietara, eta Jexux Eizagirreren kontakizunak gehiago ezagutarazteko aukera eman digu.
Manuel Gabriel Beobidek ere merezi ditu beste lerro batzuk. Zumaiako parrokoa izan zen XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, eta Julio Beobideren osaba zen. Arraunzalea zela ere badakigu, 1890ean ondarroarrek eta donostiarrek jokatu zen estropada handia ikusten ere ibili zelako. Jose Luis Olaizolaren liburu batean kontatzen denez, 10 itsas milia egin zituzten, Lekeition hasi eta Getaria aldera. Zumaiako parroko zen orduan Manuel Beobide, eta kataloxa on batzuk hartuta, Mutriku aldean donostiarrak aurreratu zirela iragarri zuen, Luis Carril patroi zutela, eta irabazle gertatu ziren helmugan.
Azken bitxikeria: Oskorrik ere badu ALE, ARRAUNEAN abestiaren beste bertsio bat, 2005ean argitaratutakoa. Hitzetan aldaketatxo batzuk egin zituzten, eta gaur egungo arraunari hobeto erantzuten dio, “mutilak” eta “neskatxak” aipatzen dituelako. Hemen bideoa.
Joanito Dorronsorok esandakoa da ondorioa, gizarte bat saretzeko balio duela kulturak, denboran eta espazioan era askotako gaiak lotuta: garai bateko ohiturak, Beobideren abestia, Azkueren bilduma, Larruquerten dokumentala, Iparraldeko erakunde baten erakusketa, Joanitoren zaletasuna, Enekoren dokumentala, eizagirretarren kontakizuna… Jarrai dezagun sareak josten.