Meteoritoa eta dinosauroen akabantza: azpititulu horixe du Kepa Altonagaren Iridioaren mintzoa saiakera berriak. Zazpi kapitulu ditu Altonagaren saiakerak, ehunka anekdota eta detaile, eta 25 irudi eta argazki. "Liburu hori nire faboritoa da paleontologo estatubatuarraren dibulgazio liburuen artean", nabarmendu du Altonagak: "Zumaian kokatuko zaitu, eta zehatz-mehatz kontatuko dizu, ez soilik zelan jardun zuen 1982an amonite fosila lokalizatzen, baita zer iruditu zitzaion euskal lurraldea ere, zelan moldatu zen euskaldunekin, eta orduko giro politiko gatazkatsuan nolako enkontru lanjerosak bizi izan zituen laginak erauzi bitartean, dela txapelokerrekin, dela abertzaleekin".
Itsaspeko lurraldeak
Maite dugu orok Zumaia du izena Altonagaren liburuko azken kapituluak; Jean Etxepare medikuaren Beribilez kronikatik hartutako esaldi bat da, segidan zera dioena: "Errana daukute hor bizi izana dela anitz urtez, omonier, Domingo Agirre apeza". Altonagak fantasia egiten du, Zumaiako Algorrin "Domingo Agirrek ere bustialdi meteoritikoak hartzen zituela". Eta, bukatzeko, umoretsu, ohar egiten du ikasleei gogaikarria egiten zaiela dinosauroen suntsipenari buruzko kontuak lantzeko txangoa egitea baina dinosauro fosilik ez egotea: "Gogorarazi behar zaie dinosauroen sasoian itsaspean egon zela bisitatzen ari garen lurralde osoa".